kultura
76. edizioa
'Anatomie d'une chute' filmak irabazi du Cannesko zinema jaialdiaren sari nagusia
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantziako hitzordu zinematografiko garrantzitsu honen sari nagusia eskuratu duen hirugarren emakumea da Justine Triet. Zuzendari onenarentzako saria, berriz, Tran Anh Hung zinemagile frantses-vietnamdarrarak lortu du.
-
'Anatomie d'une chute' filmak irabazi du Cannesko zinema jaialdiaren sari nagusia. Argazkia: EFE
Justine Triet zinemagile frantziarrak zuzendutako 'Anatomie d'une chute' (Erori baten anatomia) filmak irabazi du aurten Cannesko zinema jaialdiaren sari nagusia. Ildo horretatik, Frantziako hitzordu zinematografiko garrantzitsu honen sari nagusia eskuratu duen hirugarren emakumea da Triet.
Zuzendari onenarentzako saria, berriz, Tran Anh Hung zinemagile frantses-vietnamdarrarak lortu du, Juliette Binoche eta Benoit Magimel protagonista dituen 'La Passion de Dodin Bouffant' filmagatik. Halaber, gidoirik onenaren saria Yuji Sakamoto japoniarrak eskuratu du, haurtzaroa eta homosexualitatea jorratzen dituen 'Kaibutsu' (Monster) filmagatik.
Faboritoen zerrendan agertzen zen beste film batek, alegia, Jonathan Glazer britainiarraren 'The Zone of Interest' lanak, eskuratu du hitzordu honetako beste sari nagusietako bat, epaimahaiaren sari nagusia, hain zuzen ere. Interpretazio sariei dagokienez, Merve Dizdar aktore turkiarra (Nuri Bilge Ceylanen 'Kuru Otlar Ustune' filman egindako lanagatik) eta Koji Yakusho antzezle japoniarra (Wim Wendersen 'Perfect Day' filman egindako interpretazioagatik) izan dira irabazleak. Film luzeen palmaresa, Aki Kaurismaki finlandiarraren 'Les feuilles mortes' filmak osatzen du, epaimahaiaren saria irabazi baitu.
Film laburrei dagokienez, Flora Anna Buda hungariarraren '27' lanak irabazi du sari nagusia, eta Gunnur Martinsdottir Schluter islandiarraren 'Far' lanak aipamen berezia jaso du. Horrela, Espainiatik ('Aunque es de noche'), Kolonbiatik ('La perra') eta Argentinatik ('Nada de todo esto') iritsitako proposamenek ez dute saririk lortu Cannesko zinema jaialdiaren 76. edizio honetan.
Esan bezala, Justine Triet zinemagile frantsesak Cannesko zinema jaialdiaren sari nagusia irabazi duen hirugarren emakumea da. Aurretik, Jane Campion ('The piano', 1993an) eta Julia Ducournau ('Titane', 2021ean) izan ziren Urrezko Maskorra eskuratu zuten emakume bakarrak. Edizio honetan, Ruben Ostlund suediarra izan da epaimahaiko burua, besteak beste, Damian Szifron zuzendari argentinarra epaimahaikide zuela.
'Anatomie d'une chute' filmak irabazi du Cannesko zinema jaialdiaren sari nagusia. Argazkia: EFE