Itxi

kultura

Saria

Dolores Redondo idazleari emango diote Vianako Printzea saria

N. V. | EITB Media

Bestalde, Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria Laura Chivite idazlearentzat izango da.

  • Dolores Redondo idazlea

    Dolores Redondo idazlea

Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak Dolores Redondo idazleari emango dio Vianako Printzea Kulturaren Saria, Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura eta Gizarte kontseilariak gaur prentsaurrekoan iragarri duenez.

Esnaolaren hitzetan, Redondoren sariak aitortzen du "bere izaera erreferentziala espainiar literatura berrienean; eta Nafarroarekiko inplikazio eta lotura pertsonala, gure erkidegoa, paisaiak, jendea eta ohiturak pertsonaia bat gehiago baitira bere obretan".

Vianako Printzea saria irabazi duen laugarren emakumea da Redondo, eta lehen emakume idazlea. Ekainaren 3an, larunbatarekin, emango diote Redondori 20.000 euroko diru ekarpena duen saria, Vianan.

Besteak beste, Bilaketa Elkartea, Vanessa Grande konpositorea eta Aurelio Sagaseta musikaria ziren Baztango trilogiaren eta "Aingeruaren pribilegioak" lanen egileak jasoko duen saria irabazteko hautagaiak.

Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria

Bestalde, Laura Chivite Ezquieta idazleak (Iruñea, 1995) jasoko du Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria, horren laugarren edizioan, eta bat egingo du, beraz, saridunen zerrendan Ivan Carmona (2020), Martxel Rodriguez (2021) eta Sofia Esparza (2022) sarituekin.

Argudio hauek eman ditu epaimahaiak, lana berari esleitzeko: "Originaltasuna, mintzaira narratiboak erabiltzeko orduan, irudimen handiko ahots oso berezkoa ematen diona; ipuingintza, dramaturgia eta zinema gidoiak zeharkatzen dituen errepertorio askotarikoa; bere belaunaldian hitzak duen aberastasunaren erakusle izatea; eta bere iblibide laburrean adituen aldetik jasotako aintzatespenak".

2022an, "Gente que ríe" liburua argitaratu zuen, Caballo de Troya argitaletxearen eskutik.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Nafarroa
  • Kultura