kultura
'Forum for Iberian Studies'
Euskara protagonista Oxfordeko Unibertsitatean
Guztira 18 euskal hizlari izango dira ekainaren 20tik 22ra bitartean egingo diren jardunaldietan.
-
Aizpea Goenaga eta Mari Jose Olaziregi. Argazkia: EITB
“XV Forum for Iberian Studies” jardunaldien baitan, euskarak eta euskal gaiek leku berezia izango dute Oxfordeko Unibertsitatean ekainaren 20an, 21ean eta 22an. Guztira, 18 euskal hizlari izango dira bertan, haietako 16k, gainera, euskal gaiak izango dituzte hizpide, eta sei euskaraz arituko dira.
Etxepare Institutuak nabarmendu duenez, aurreko edizioren batean euskararen inguruko zerbait antolatu bada ere, euskal munduak ez du inoiz horrelako oihartzunik izan Oxfordeko Unibertsitate entzutetsuan.
Etxepare Euskal Institutuaren irakurle den Xabier Paya izan da ekimenaren sustatzaileetako bat. Irakurleen programa, hain zuzen ere, horrelako ekimenak ahalbideratzeko jarri zuen martxan Institutuak, euskarari eta euskal kulturari nazioarte mailako ezagutza eta prestigioa emateko. Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria ere han izango da.
Katalana, galegoa, gaztelania, ingelesa eta portugesa ere entzungo dira. Jardunaldien hasierako hitzaldian, esaterako, Bernardo Atxagak (Euskadi), Isabel Capeloa Gilek (Portugal), Josep Anton Fernándezek (Katalunia), Jose Manuel Sandek (Galiza) eta Rob Stonek (UK) hartuko dute hitza.
Iberiar penintsula nazio, hizkuntza eta kultura ezberdinek osatzen dutenez, immigrazio korronteek eta hedabide zein teknologietarako sarbideak azken urteetan herrien izaera ulertzeko eta azaltzeko moduan eragindako aldaketak aztertuko dituzte hiru egun iraungo duten jardunaldi hauetan.