kultura
heriotza
Andy Fletcher Depeche Mode taldeko teklista eta sortzailea hil da, 60 urte zituela
agentziak | eitb media
'Enjoy the Silence' bezalako abestien egile den britainiar talde mitikoak sare sozialen bitartez eman du bere sortzailearen heriotzaren berri. Oraindik ez da zerk eragin duen jakin.
-
Andy Fletcher teklista, 'Fletch'. Argazkia: EFE
Andy Fletcher Depeche Mode taldeko teklista eta sortzailea hil da ostegun honetan, 60 urte zituela, taldeak sare sozialen bitartez iragarri duenez.
"Hunkituta gaude, eta tristura lazgarriz beteta gure lagun maitearen, senide eta taldekidearen, heriotza goiztiarragatik", idatzi du talde mitikoak mezuan.
— Depeche Mode (@depechemode) May 26, 2022
"Enjoy the Silence" edo "Personal Jesus" bezalako abestien sortzaileentzat, 'Fletchek', hala deitzen baitzuten, "urrezko bihotza zuen zinez, eta beti egoten zen bertan; babesa, elkarrizketa bizi bat, barre algara onak edo garagardo pinta hotza behar zenituenean".
Heriotzaren berri eman ondoren (oraindik ez da zerk eragin duen jakin), Fletcherren kideek goraintziak eman dizkiote haren familiari, eta "une zail honetan euren pribatutasuna errespetatzeko" eskatu dute.
Teklistak Basildonen, Essex konderrian (Ingalaterra ekialdean) sortu zuen Depeche Mode 1980an, eta duela bi urte rockaren Famaren Aretoan sartu zen.
Mundu osoan 100 milioi disko baino gehiago saldutako taldeak 1980 eta 1990 hamarkadetan bizi izan zituen arrakastarik handienak, "Just can't get enough" bezalako abestiekin. Hala ere, gaur egun ere aktibo diraute, eta jarraitzaile ugari dituzte.