kultura
Kultura Bonoa
Abian da Kultura Bonuaren hirugarren kanpaina
Erredakzioa
Gabonetan kultur ondasunen kontsumoa sustatzeko 44.000 bonu jarri ditu salmentan Jaurlaritzak.
Abian da Kultura Bonuaren hirugarren kanpaina. 25 euroko kostua eta 40 euroko balioa duten 44.000 bonuak BBKn, Kutxan eta Vitalen erosi daitezke, eta liburuak eta diskoak erosteko, zinemara eta zuzeneko ikuskizunetara joateko eta museoetako sarrerak erosteko balio dute. Horregatik asko goizean goizetik jarri dira ilaran, bonua eskuratzeko.
Joan den urtean 885.000 euroko aurrekontua izan bazuen ere, aurten Jaurlaritzak 660.000 euro zuzendu ditu Kultura Bonua kanpainara. Gainera, ekimen honen jarraipena bermatzen duten 660.000 euro aurreikusita daude 2012ko aurrekontuetan.
Abenduaren 12an jarriko dira salgai eta 2012ko urtarrilaren 5a bitartean edo agortu arte erosi ahal izango dira. Urtarrilaren 20a baino lehen erabili beharko dira, hortik aurrera bere balioa galduko baitute. Edozein banketxetako txartelak erabili daitezke hauek erosteko, baina txartel bakoitzeko bono bakarra eskuratu ahal izango da.