Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Belaunaldi berria

Aiert Goenaga, Durangoko Azokako zuzendari berria

Erredakzioa

Jon Irazabalen lekukoa hartu du. Gerediaga Elkarteak omenaldia egin dio Irazabali, eta horrek hunkituta utzi du kargua.

02:39
Belaunaldi berria, Durangoko Azokako zuzendaritzan

Aiert Goenaga izango da aurrerantzean Durangoko Azokako zuzendari berria. Azken hiru hamarkadetan Jon Irazabalek bete du lan hori, eta hunkituta esan dio agur zuzendari karguari. 46. edizioaren balorazioa egiteko Gerediaga Elkarteak eskaini duen prentsaurrekoan urte hauetan alboan izan dituenak gogoratu ditu Irazabalek, eta belaunaldi aldaketak utzi duen bitxikeria bat ere aipatu du; Irazabal Azokan sartu zen urtean bertan jaio zen Aiert Goenaga zuzendari berria.

30 urteko ondarroar bat da Goenaga. Enpresa eta administrazio zuzendaritzan lizentziaduna, pertsona eta erakundeen kudeaketan espezializatu da. Lea-Artibaiko sare industrialaren azterketa egin du Azaro Fundazioarentzat, eta Gaindegia Elkartean, Euskal Herriko behatoki sozio-ekonomikoan, proiektu koordinatzailea izan da. Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko "Hitza" aldizkarietako kudeatzailea izan da.

Zuzendari aldaketa ez da izango, ordea, berrikuntza bakarra Durangoko Azokan. Bide berriari erantzuteko, arlokako zuzendaritzak definitu eta arlokako arduradunak eta lantaldeak eratzeko bidea hasiko du Gerediagak.

Balorazioa

130.000 bisitari baino gehiago hartu ditu aurten Durangoko Azokak. Landako Gunera sartu-irtenak neurtzen dituen sistema jarri dute, eta, lehen lau egunetan 105.000 bisita zenbatu dituzte. Horretatik, egunik nabarmenena abenduaren 6koa izan da, beste egunetakoekin konparatuta bisitak bikoitzak izan baitira (40.000 bisita).

Azokako arduradunek azpimarratu dutenez, ''krisi ekonomikoak krisi, Durangoko Azokak erakutsi du euskarazko sorkuntzan aberastasun handia dagoela. Jendeak gauza berriak egiteko gogoa erakutsi du eta oso estilo eta molde diferenteetakoak''.

Gainera, ''Durangoko Azokak erakutsi du liburuek eta diskoek merkatua badutela oraindik ere. Merkatu txikia izan arren, liburuak eta diskoak saldu egin dira egunotan'', gaineratu dute.