kultura
Manifestua
'Gernikako Arbola' Euskal Herriko ereserkia izateko eskatu dute 83 euskal musikarik
eitb.eus
Iparragirre jaio zela 200 urte bete direla baliatuz, hainbat euskal musikari, kantari eta kantautorek bat egin dute Gernikako Arbola abestia "Euskal Herria/Baskoniaren ereserkia" izatearen alde.
-
Manifestuaren aurkezpenean Gernikako Arbola abestu dute. Irudia EiTBko bideo batetik hartua da.
Hainbat euskal musikarik, kantarik eta kantautorek sinatutako manifestua aurkeztu dute Iruñean. Bertan, Jose Mari Iparragirre "gure historiako lehen kantautorea" jaio zela 200 urte bete diren honetan, urretxuarraren Gernikako Arbola Euskal Herriko ereserki bezala aldarrikatu dute.
EAEk (Eusko Abendaren Ereserkia) eta Nafarroak (Gorteen Ereserkia) euren ereserki propioak dituztela eta, Euskal Herriko zazpi lurralde historikoak batzen dituen ereserkirik ez dagoela azpimarratu dute: "Egia da euskarazko abesti batzuk etengabe erabili direla gure gizarte liturgietan, baina haietako batek ere ez du pisu, historia eta hedadura nahikorik herrialde osoa ordezkatzeko. Baskoniak, kantatzen duen herriak, ez du kantatuko dion ereserkirik".
Gernikako Arbola kantuak helburu hori betetzen duela esan dute: "Lehen aldiz jo zenetik, Gernikako Arbola izan da euskal herritarren ereserkia, eta halaxe idatzi zen literaturan, kantutegietan eta partituretan".
"Inork ez du azalpen argirik zortziko hori zergatik hedatu zen horren laster, eta ez bakarrik zazpi lurraldeetan, baizik eta euskal herritarrik zegoen mundu zabaleko bazter guztietan", azaldu dute.
Sinatzaileen artean mota guztietako eta elkarrengandik oso ezberdinak diren musikari, kantari eta kantautoreak daude, baina "guztiak euskal herritarrak". Tartean dira Niko Etxart, kantagilea; Endika Iriso, Rotten XIII Punk-Rock taldeko kantaria; Nuria "La Furia" Loron, rap kantaria; Josu Zabala, Hertzainak taldeko musikaria; Evaristo Paramos, punk kantaria; Haritz Artola, Unidad Alavesako kantaria; Igor Ijurra, Iruñeko Orfeoiaren zuzendaria, eta beste hainbat.
Gainerako herritarrei ere ekimenera batzeko deia egin diete: "Deia zabaldu nahi diogu Euskal Herri osoari, kantatu eta zabal dezan". Manifestua eta sinatzeko galdetegia www.gernikako-arbola.eus-en daude eskuragarri.