Itxi

kultura

Euskalduna Jauregia

Aurrera Festek Euskaldunako aretoak eskainiko dizkie kulturako profesionalei

eitb.eus

Arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren talde profesionalei laguntzea eta ikus-entzuleak berriro kultura erabateko segurtasunez kontsumitzera animatzea da ekimenaren helburua.

  • Euskalduna jauregia

    Euskalduna jauregiak bere aretoak eskainiko ditu. Argazkia: Juan Carlos Sancho.

Euskalduna Jauregiak bere aretoetako oihala altxatu nahi du berriz, hamabi asteren ondoren, eta Aurrera Festek aukera eskainiko du kulturaren sektorea berriz agertoki gainera eta ikus-entzuleak eserlekuetara eramateko.

Gaur goizean Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako Bizkaiko foru diputatuak eta Andoni Aldekoa Euskalduna jauregiko zuzendari nagusiak aurkeztu duten jaialdian, Euskaldunak bere aretoak lagako ditu, arte eszenikoetan eta musikan aritzen diren taldeei diruz laguntzeko eta ikus-entzuleak erabateko segurtasunez kultura berriro kontsumitzera animatzeko.

Lorea Bilbaok azaldu duenez, “Aurrera Fest, gure baliabideak kulturaren sektorearen esku jartzeko helburuarekin sortu da. Musika eta arte eszenikoetako artista eta talde profesional guztiek izango dute lekua ekimen honetan”. Hartara, gaurtik ekainaren 17ra arte, taldeek eta konpainiek euren zuzeneko emanaldietarako proposamenak aurkeztu ahalko dituzte, horretarako eskatzen diren datuak emanda. Ekainaren 22an, Euskalduna Jauregiak behin betiko programa jakinaraziko du, eta salgai jarriko ditu sarrerak. Aldekoak aurreratu duenez, “ziurrenez jaialdia uztailean egingo da, baina erabakiko diren osasun arloko neurrien menpe gaude”.

Arte sustatzaile, konpainia, profesional eta taldeek gutxienez 50 minutuko ikuskizuna aurkeztu beharko dute, atsedenerako aukera barik.

Euskaldunak, bere aldetik, hau guztia jarriko du parte hartuko duten banden eta konpainien esku: oinarrizko ekipo teknikoa; ikus-entzuleak eserlekuetan banatzeko zerbitzua; 3 areto hautatzeko aukera (Auditoriuma, 0B eta 0E) eta sarrerak saltzeko www.euskalduna.eus plataforma.