Itxi

kultura

ZINEMA

Bi euskal film labur lehiatuko dira Annecyko animazio jaialdian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lehiaketa ekainaren 15etik 20ra bitartean burutuko da, modu digitalean, pandemiaren eraginez bertan behera geratu ez dadin.

  • 'Lursaguak. Bizi-eszenak'

    'Lursaguak. Bizi-eszenak'. Artxiboko irudia.

Annecyko Nazioarteko Jaialdiak Izebe Oñederraren Lursaguak. Bizi-eszenak eta Alberto Vazquezen Homeless Home euskal film laburrak aukeratu ditu animazioari buruzko munduko topaketarik handienean lehia daitezen. Lehiaketa ekainaren 15etik 20ra bitartean burutuko da, modu digitalean, pandemiaren eraginez bertan behera geratu ez dadin.

Zineuskadi elkartetik nabarmendu dutenez, "albiste bikaina da euskal ikus-entzunezkoen industriarentzat, une zailak bizi baititu Covid-19 koronabirusari aurre egiteko ezarritako geldialdiaren ondorioz".

Frantziako hiriko jaialdiak 94 herrialdetako 3.000 lan baino gehiago jaso ditu bere lau kategorietan: film laburrak, graduazio filmak, telebistako filmak eta film komisionatuak. Aukeraturiko bi euskal film laburrek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ekoizpenerako laguntza jaso dute. Guztira, 37 lan hartzen dituen film laburren kategorian lehiatuko dira biak.

Izibene Oñederra azkoitiarrak Frantziako lehiaketan parte hartuko du 2019ko Kimuak katalogoan sartu den Lursaguak. Bizi-eszenak lanarekin. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi atalean parte hartu zuen filmak, eta Malagako Jaialdiak, Animasivok (Mexiko) eta Zinebik ere hautatu dute. Oñederrak kontaketa ilun bat aurkeztu du, giza izaerak esparru garaikidean duen zereginari buruzkoa.

Bestalde, UniKo produkzio etxeko Ivan Miñambresek ekoitzi du Alberto Vazquezek zuzendutako Homeless Home, eta fantasiazko unibertso jakin batean kokatutako istorio existentzialista eta soziala jorratzen du. UniKo, Frantziako Autour de Minuit eta Madrilgo AltContent produkzio etxeen arteko ekoizpena da.

Aurtengo Annecyko jaialdiko aukeraketan ordezkaritza handiena duten herrialdeak, Frantzia, AEB, Erresuma Batua, Kanada, Alemania, Txina eta Hego Korea dira. Edizio digitala izango den arren, 2020ko jaialdiaren zati bat 2021era atzeratu dute, eta Afrikako animazioari omenaldia egingo diote datorren urtean, jaialdiaren 60. urteurrenaren harira.