kultura
Harrera
Donostiarrek Europako Kultur hiriburu izendatzea ospatu dute
Erredakzioa
Herritarrek eta ordezkari politikoek elkarrekin ospatu dute izendapena Nautikoan egin duten festa batean.
Donostia 2016ko Europako Kultura Hiriburua izango dela ospatu dute. Herritarrek eta ordezkari politikoek elkarrekin ospatu dute izendapena, Donostiako Nautikoan. Etorkizunean elkarrekin lan egin beharko dutela esan diete Donostia 2016 lantaldeko kideek bertan bildu diren herritarrei.
Goizez, Donostiako udalbatzak pozik eta batasun irudia erakutsiz egin du agerraldia, 2016an Europako Kutur Hiriburu izango dela jakin eta biharamunean. Bertan izan dira Juan Karlos Izagirre alkatea, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, PSE-EE, PP eta EAJ alderdietako ordezkariak eta hautagaitzako lantaldeko kideak.
Izagirrek eta Urgellek ez dute Donostiaren izendapenak eragin duen polemikan sartu nahi izan. ''''Gure apustua liskarraren kontrakoa da, eta denok bat egitea bilatzen dugu'''', esan du alkateak. 2016a erronka garrantzitsua dela azpimarratu du, eta batasuna behar duela. ''''Desadostasunak albo batera utzita gauzak oso ondo egin daitezkeela erakusten ari gara'''', gaineratu du. ''''Donostiako ordezkaritzak erakutsi duen batasuna da bide egokia'''', Izagirreren ustez.
Eusko Jaurlaritzak proiektua babesten duela adierazi du Blanca Urgellek, eta babes horren arrazoiak ere eman ditu Kultura sailburuak: ''''Krisiari aurre egiten lagunduko digu, Euskadiren irudia bultzatuko du, eta, gizartean tentsioa eragiten dutenen aurrean, normaltasuna ekarriko du'''', esan du Urgellek. ''''Bakean eta elkarbizitzan lagundu egingo digu'''', erantsi du.
''''Donostiak eta Gipuzkoak aukera hau merezi dute, egiteko garai direna Europari erakusteko'''', esan du Ernesto Gasco Donostiako Udaleko PSE-EEko ordezkariak. Gascok atsekabez hartu ditu izendapenak eragin dituen zenbait ''''adierazpen desegoki''''.
Batasun ideia horren harira aritu zen atzo Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea izendapena jaso eta berehala egin zituen adierazpenetan, eta proiektuak ideologia ezberdinetako pertsonak batu dituela azpimarratu zuen. Izan ere, Donostiako ordezkari ugarik egin zuten Madrilera bidaia, tartean Odon Elorza alkate ohiak ere. Azken honek poz handiz hartu zuen izendapena, eta ezin izan zien malkoei eutsi. Gainera, argi utzi nahi izan zuenez, ''''proiektuaren filosofia edozein kontsigna politikoren gainetik dago''''.
Gaur kritika zorrotza egin die Odonek Rosa Aguilarri eta Juan Alberto Bellochi, izendapenaren inguruan egin dituzten adierazpenengatik. Zaragozako alkateak, gainera, 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren izendapena berriro aztertzeko eskatuko duela iragarri du, eta, horren ildotik, Europako Batzordeak azpimarratu du Europako Kultur hiriburua hautatzeko prozesua "nazioarteko adituek" egin dutela eta "ezarritako prozesuari jarraitu" diotela. Enrique Cabero hautaketa batzordeko kideak Donostiaren izendapena askatasunez egin dutela defendatu du, eta ukatu egin du ''''irizpide politikoek'''' bultzatuta egin izana.