Itxi

Bilbo

Hautatu egin dute

Bilbok aurrera, 2014an Diseinuaren Munduko Hiriburu izateko lehian

Erredakzioa

Lurmutur Hiria (Hegoafrika) eta Dublin (Irlanda) ere hautatu dituzte. Urrian emango dute jakitera zein hiri izango den irabazlea.

2014an Diseinuaren Munduko Hiriburu izateko hautatuen artean dago Bilbo, Lurmutur Hiria (Hegoafrika) eta Dublin (Irlanda) hiriekin batera. 24 herrialdetako 56 hirik aurkeztu dute hautagaitza, eta, horien artean, hiru finalista aukeratu dituzte, tartean Bilbo.

Datozen hilabeteotan aukeratutako hiriak bisitatuko dituzte World Design Capitaleko kideek, eta, urri amaieran emango dute jakitera zein izango den 2014an Diseinuaren Munduko Hiriburua, Taiwanen egingo den Diseinuaren Nazioarteko Erakusketaren ekitaldian.

Joan den apirilean hautagaitza aurkeztu zuen Bizkaiko hiriburuak, eta lehen fase honetan aurrera egin du. Nazioarteko sari horrekin diseinua hiria suspertzeko eta biztanleen bizitza kalitatea hobetzeko erabiltzea hartzen da aintzat.

Diseinuaren Munduko Hiriburuaren saria, bi urtean behin banatzen du Montrealen (Kanada) egoitza duen International Council of Societies of Industrial Designsek; orain arte Turinek (lehen edizioan 2008an), Seulek (2010ean) eta Helsinkik (2012an) lortu dute.

Ekimenak Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du beste instituzio eta erakunde ekonomiko eta sozial batzuekin batera, Udalak ohar baten bitartez jakinarazi duenez. Bilboren hautagaitza diseinuaren munduko hainbat instituzio eta pertsona ospetsuk bermatu dute; hala nola, Miguel Sebastian eta Trinidad Jimenez, Industria eta Kanpo Harremanetarako ministroek, Philippe Starck diseinatzaileak eta Norman Foster eta Toshiko Mori arkitektoek.&' || 'nbsp;