Itxi

kultura

Txostena

Azken hamar urteotan bikoiztu egin da euskararen erabilera Interneten

Erredakzioa

Euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko txosten bat aurkeztu du astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak. Euskaraz argitaratzen diren liburuen kopurua ere bikoiztu da azken hamarkadan.

Euskaraz argitaratzen diren liburuen kopurua eta Interneten euskara erabiltzen duten pertsonen zenbatekoa bikoiztu egin dira azken hamarkadan, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko txostenaren arabera.

Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak egin dute azken hamabi urteotan euskaraz izan duen bilakaeraren azterketa biltzen duen txostenaren aurkezpena. Dokumentu honen arabera, euskarak hiru sektoretan egin du gora: hezkuntzan, liburuen argitalpenean eta teknologia berrietan.

Txostenean jasotzen denez, eredu elebidunek gora egin dute nabarmen hezkuntzan. Horrela, haur eta lehen hezkuntzan matrikulatuen % 90 dira euskarak presentzia sendoa duen eredu elebidunetan aritzen direnak.

Liburugintzan ere egin du euskarak nabarmen gora. Izan ere, EAEn urtero argitaratzen diren liburuen erdi baino gehiago euskaraz argitaratzen dira.

Informazio eta komunikazio teknologietan euskararen presentzia sendotuz joan da. Hamar urtetan bikoiztu egin da euskaraz nabigatzen dutenen kopurua: 100.000tik 200.000ra. IKTetan euskararen erabilera kalean sumatzen dena baino altuagoa da: ia % 22 da IKTetan; kalean berriz, % 15aren inguruan dago.

Baina, alde negatiboak ere agertu ditu txostenak. Administrazioan, adibidez, euskara oso presente dago ezagutza aldetik, baina ikuspegi komunikatibotik, aldiz, erabilera ez da hizkuntza eskakizunen mailakoa.

Euskara eta enpresa mundua uztartzea oraindik erronka da, nahiz eta diru-laguntzetan egonkortu egin da euskara planak garatzen ari diren enpresa kopurua, eta gaur egun ia 25.000 langile dauden diru publikoz laguntzen diren euskara planen eraginpean.

Azkenik, une gozoenak bizi ez dituzten euskarazko komunikabideak ere izan dituzte hizpide. Urgellen aburuz, seguru asko garaia heldu da ereduaren gainean ere gogoeta sakon bat egiteko: ''''Inork gutxik jarriko luke zalantzan hedabideen alorra estrategikoa dela, besteak beste, hizkuntzaren garapenean. Izaera horri eusteko egoera berri eta latzaren aurrean, herri agintarien konpromisoa berretsia ikusteaz gain, gauza batzuk birplanteatu beharko lituzkete''''.