Itxi

kultura

'Monumentu multzo'

Donostiako Alde Zaharra eta kaia, Kultura Ondasun

eitb.eus

Eusko Jaurlaritzak Alde Zaharra eta kaia Kultura Ondasun izendatzeko dekretua onartu du gaur, alegazio epea amaitutakoan, Monumentu Multzo kategorian.

  • Konstituzio plaza

    Liburutegia babes bereziko eraikinen artean egongo da. Argazkia: Jon Hernández Utrera.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Donostiako Alde Zaharra eta kaia Kultura Ondasun kalifikatzeko dekretua onartu du gaur, Monumentu Multzo kategorian. Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Donostiako Udalak orain urtebete adostu zuten gaur onartutako dokumentua. Gaur onartu ostean, espedienteak alegazio epea gainditu ondoren, inguru horren babesa gauzatuko da.

Monumentu Multzoak honako muga hauek ditu: Argazkilari elkartea dagoen eraikineko (San Juan kalea) hegoaldeko ertzetik Boulevarderaino; ingurune horretatik (San Juan - Boulevard ertza) lerro zuzenean kaietara; itsasotik hurbilen dagoen inguruneak muga gisa kaiak ditu, Kaiko pasealekuaren hasieraraino (lonja berriaren ondoan), Kofradia, hego-mendebaldeko kai muturra eta Aquarium osoa; eta, azkenik, perimetroa itxi egiten da, Abadeen kaia, Urgull mendiko eskolak, zaindariaren etxea eta San Telmo Museoa barne.

Babes espediente honen helburua “Alde Zaharraren morfologia kontserbatzea eta, era berean, ingurune horretan bizi diren 4.000 biztanleen beharren kudeaketa malgutzea” da.

Aurrerantzean, eremu horretan garatzen diren hirigintza plangintzak kalifikazioan ezarritako araubidera egokitu beharko dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena izan beharko dute.

Alegazio epean onartu den alegazio aipagarriena da igogailuak jartzeko aukera emango dela, baldin eta partzelen forma eta tamaina errespetatzen bada.

Alde Zaharra Monumentu Multzo izendatzeko dekretuak sei babes maila ezartzen ditu, balio arkitektonikoaren arabera, eta babes berezia izango dutenen artean daude San Bizente eta Santa Maria elizak, San Telmo, Santa Teresa eta liburutegia.

Kaleak oinezkoentzat izatea “lehentasuna” dela zehazten du dekretuak, eta, ahal den heinean, galtzadan harrizko zolei eustea.