kultura
Saria
Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Espainiako Saria, Marie de Jonghentzat
Agentziak | Erredakzioa
Jokin Oregik 2008an sortutako euskal konpainiari Espainiako Kultura Ministerioaren saria emateko arrazoia “gizartearekiko konpromiso etengabea” erakutsi izana da.
Marie de Jongh euskal konpainiak Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Espainiako Sari Nazionala jasoko du, eta, ondorioz, 30.000 euro egokituko zaizkio, “ikuskizunetarako aukeratzen dituen gaietan agerian gelditzen den gizartearekiko konpromisoari” esker.
Espainiako Kultura Ministerioak INAEM Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren bidez urtero ematen duen sariko epaimahaiak azpimarratu duenez, Marie de Jongh konpainiak keinuak erabiliz, hitzik gabe, jorratzen ditu bere ikuskizunetako gaiak, eta “edertasun eta emozio handia sortzen ditu” horietan, "kalitate artistiko handia erakutsiz".
Marie de Jongh 2008an sortutako taldearen leloa “haur-antzerkia helduentzat eta antzerki heldua haurrentzat” da; epaimahaiko kideen iritziz, “proposamen ausartak egiten ditu keinuen bidez, elkarrizketarik gabe, eta, sentiberatasun handiz, tabu diren gaietara iristen da, hala nola umeen aurkako tratu txarrak, adinekoek pairatzen duten bazterkeria, maitasun homosexuala eta animalien aurkako abusuak, betiere balio artistiko eta tekniko eztabaidaezineko ikuskizunetan”.
Marie de Jonghek Haurrentzako edo Familiarentzako Ikuskizun Onenaren 2017ko Max Saria (“Amour”) eta 2018koTerritorio Violeta jaialdiko ikuskizun onenaren saria (“Estrella”) irabazi ditu, besteak beste.