kultura
Aintzatespena
Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jasoko du
eitb.eus
Bozeramaileen Batzordeak aho batez hartu du erabakia, “euskal kultura garatzeko egindako lana aitortuta eta hiriarekiko duen lotura kontuan hartuta”.
-
Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez hartu du erabakia
Eusko Ikaskuntzak Donostiako Urrezko Domina jasoko du, sorreraren urteurrenean. Bozeramaileen Batzordeak “Eusko Ikaskuntzak egindako lanak euskal kultura garatzeko eta 100 urteotan hiriarekin izan duen lotura” hartu ditu kontuan.
Eusko Ikaskuntza Donostian sortu zen, 1918ko abenduaren 22an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako aldundiek proposatuta, eta euskal kultura hedatzea, ikertzea eta Euskal Herriko hainbat arazorentzako irtenbidea topatzea hartu zuen helburu nagusi.
Udalak kaleratutako oharrean esaten denez, “Eusko Ikaskuntzak euskal kulturari egindako ekarpena eta kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko lana izugarria izan da mende osoan zehar, eta hasieratik izan du Donostiako Udalaren laguntza”.
1926an adostu zuten Urrezko Domina sortzea, eta, harrezkero, denetariko jendeak jaso du: Maria Cristina Espainiako erregina, Donostiako Orfeoia, Franco diktadorea, Koruko Andra Mari, Jose Migel Barandiaran, Eduardo Chillida, Juan Mari Arzak, Gregorio Ordoñez, Pedro Miguel Etxenike, terrorismoaren biktimak, Mikel Laboa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, besteak beste.