kultura
Hausnarketaren ondoren
Tabakalera berpiztu egin da, aurrekontuak behera egin badu ere
Radio Euskadi/Erredakzioa
75 milioi euroko aurrekontua 70 milioi eurotan geratuko da. Eraiste lanak 2011ko apirilean hasiko dira, eta irailean ekingo diote birmoldaketari. 2015ean ireki ditzake ateak.
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak baieztatu dutenez, 2011an hasiko dira eraiste lanak, eta 2015ean ireki ditzake ateak Tabakalera zentro berriak.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Blanca Urgell Kultura sailburua eta Odon Elorza Donostiako alkatea komunikabideen aurrean agertu dira gaur arratsaldean, Tabakaleraren berdimentsionamendua dela-eta hartutako erabakien berri ematera.
Hiru erakundeek baieztatu dutenez, 2011ko apirilean hasiko dira eraiste lanak, eta irailean ekingo diote birmoldaketari. Epe hauekin 2015ean ireki ditzake ateak Tabakalera zentro berriak.
Proiektuak aurreikusita zegoena baino 5 milioi euro gutxiago izango ditu (hasiera batean 75 milioi eurokoa zen aurrekontua, baina azkenean 70 milioi euro egongo dira zentro berria sortzeko). Gainera, erakundeek aurreikusitakoa baino 7 milioi gutxiagoko ekarpena egin beharko dute, Estatuko Aurrekontu Orokorretan Tabakalerarako bideratu den kontusailaren ondorioz.
Arduradunen esanetan, prozesu honek ikus-entzunezkoetan espezializatutako kultura garaikidearen zentro gisa sendotu du proiektua, eta ikus-entzunezko sorkuntza izango da Tabakaleraren muina. Sortzaileei, industriei eta hiritarrei zuzendutako zentroa izatea nahi dute erakundeek, eta helburu nagusia sorkuntza, berrikuntza ea esperimentazioa sustatzea izango da, ezagutza zabalduz.
Produkzioarekin lotutako zentro gisa, sorkuntzarako eta esperimentaziorako laborategiak izango ditu. Jakintzarekin lotutako zerbitzuen muina mediateka izango da, eta ikus-entzunezkoetan eta irakurketa publikoan espezializatutako zerbitzuetan oinarrituko da. Azkenik, erakusketa eta interbentzio programak ere izango dira bertan: erakusketak, ikus-entzunezkoak eta ekitaldi musikal eta eszenikoak. Arteleku izango da zerbitzu hauen garapenaren abiapuntua, eraikin berria jarduera horiek hartzeko prest egon artean.
Aurreikusi bezala, Etxepare Institutua eta Euskadiko Fimategia eraikinean kokatuko dira.
Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala laugarren bazkide berri bat lortzearen alde agertu dira, bazkide berriak gehitzeak erakundeek proiektu kulturala garatzeko urtero egin beharreko ekarpena txikiagotzea ekarriko bait luke.
Era berean, baieztatu egin dute berehalako beste jardunbideetako bat Zuzendaritza Orokorra eramango duen pertsona kontratatzea izango dela, postu hori hutsik baitago Joxean Muñoz aurreko zuzendariak dimisioa aurkeztu zuenetik.