Itxi

kultura

Antzerkia

Alfredo Sanzol eta Producciones Maestras, Erriberriko jaialdia zabaltzeko

Agentziak | Erredakzioa

Erriberriko Antzerki Jaialdiaren hamazortzigarren edizioa gaur, uztailak 21, hasi eta abuztuaren 5ean bukatuko da.

  • Alfredo Sanzolek "La Ternura" erakutsiko du. Argazkia: Alfredo Sanzol.

    Alfredo Sanzolek "La Ternura" erakutsiko du. Argazkia: Alfredo Sanzol.

Erriberriko Antzerki Jaialdia gaur, ostirala, arratsaldean abiatuko da, aurtengo ardatza klasikoen berrirakurketa dela, eta egungo eszenaren antzerkigile eta zuzendari onenetako batzuk arituko dira lan horretan. Jaialdiaren hamazortzigarren edizioa abuztuaren 5ean amaituko da, eta Luis F. Jimenez izango da zuzendari artistikoa, aurrenekoz.

Erriberriko jaialdiak 11 ikuskizun eskainiko ditu Errege Jauregian. Gainera, udalerriko beste hainbat espaziotan bestelako ekimenak izango dira, hala nola antzerki poetikako sei proposamen, Antonio Simonen gidaritzapean funtzionatuko duen aktoreentzako ikastaroa, Denise Despeyrouxen laborategia eta Hoidek Producciones konpainiaren erresidentzia artistiko bat.

Erriberriko agertokietako oihala 20:00etan jasoko dute, Errege Jauregian, non “Cuando el amor habla, el corazón canta” Producciones Maestras nafar konpainiaren lana taularatuko baitute.

22:00etatik aurrera, Alfredo Sanzol nafar zuzendariak La Cavako agertokia inauguratuko du, “La Ternura” ekoizpenarekin. Gainera, espazio horretan bertan, Andres Lima zuzendariak “Sueño” erakutsiko du larunbatean, eta In Extermis Teatro nafar konpainiak "Medida por medida" aurkeztuko du igandean.

Astelehenean, Companhia do Chapitô portugaldarrek Macbeth Shakespeareren lanaren beren bertsioa eramango dute oholtzara, eta, lehen asteburuko programazioa burutzeko, Nafarroako hainbat konpainiak Antzerki Poetikaren lagin zenbait eramango dituzte Erriberrira.