Itxi

kultura

Nafarroa

Jose Lainez eta Concha Martinez koreografoentzat, Vianako Printzearen saria

Agentziak | Erredakzioa

Anexa eta Yauzkari taldeak sortu zituzten, eta aitzindariak izan ziren dantza garaikidea Espainiako Estatuan sartzen.

Kulturaren Nafar Kontseiluak Jose Lainez eta Concha Martinez dantza garaikidearen aitzindariak proposatu ditu Vianako Printzearen Kultura sarirako. Bidegile gisa, “gorputzaren eta espazioaren arteko harreman esperimental eta probokatzaile batean oinarrituta dagoen beren ikuspegi artistikoak dantza garaikideko dantzarien eta sortzaileen hainbat belaunaldiregan izan du eragina", epaimahaiaren hitzetan.

16 urte zituztela, Jose Lainezek eta Concha Martinezek Donostia utzi zuten, eta Amstedamera joan ziren Het National Ballet konpainian bost urtez dantza egiteko. Bueltan, 1970ean, Anexa konpainia osatu zuten Donostian, dantza garaikideko beren lehen taldea, proposamen artistiko apurtzaile, probokatzaile eta abangoardista.

1973an Bartzelonara heldu ziren, eta, bertan, Capsa antzokian zenbait hilabetez aritu ziren, Insitut de Teatre de Barcelonan irakaskuntzan murgildu aurretik. Urte batzuk geroago, Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioko dantza ataleko zuzendari gisa jardun ziren, eta, 1980an, Yauzkari dantza garaikideko taldea sortu zuten. Azken horrekin hainbat sari irabazi zituzten, eta Europan batetik bestera ibili ziren, lan probokatzaile eta konprometituak eginez.

Hauek ziren sarirako hautagai guztiak: Nafarroako Bertsozale Elkartea; Iruñeko Ganbera Abesbatza; Marysa Navarro historialaria; Enrike Zelaka folklorista, ikertzaile eta historialaria; Justo Lacunza ikertzaile arabista, afrikanista eta islamologoa; Pello Salaburu filologoa; Berri Txarrak rock taldea; eta Lainez eta Martinez berak.