kultura
Loraldia
Biluztasunari begira, lau ikuspegitatik
Jokin Oregi, Mireia Gabilondo, Garbi Losada eta Fernando Bernues zuzendariek antzezlan bana sortu dute, ‘strip-tease’ kontzeptutik abiatuta.
Loraldia jaialdiak ‘Strip-tease’ ikuskizuna taularatuko du, Jokin Oregik, Mireia Gabilondok, Garbi Losadak eta Fernando Bernuesek sortutako lau pieza labur, independente eta berri. Arriaga Antzokian ikusiko ahalko da, martxoaren 24an eta 25ean, 20:00etan, Loraldiaren barruan.
Sortzaile horiei “strip-tease” kontzeptutik abiatuta 10 eta 20 minutu bitarteko antzezlan bat sortzea eskatu zien Loraldia jaialdiak, eta lau horien emaitza da “Strip-tease” lana.
Besteak beste, Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Klara Mendizabal, Telmo Irureta, Sara Cozar eta Iñaki Rikarte aktoreek hartzen dute parte lanotan, eta “gizartearen miseriak”, aldarrikapen gisa biluzteko erabakia eta "desio biluztuak" hartzen dituzte hizpide.