Itxi

Albisteak

Proiektua aurkeztuta

2016an Europako kultur hiriburua izateko hautagai ofiziala da Donostia

Erredakzioa

Odon Elorza alkateak gaur goizean aurkeztu du 'Donostia 2016' hautagaitzaren proiektua, Madrilgo Kultura Ministerioan. Blanca Urgell Kultura sailburua ere izan da bertan.

2016an Europako kulturaren hiriburu izateko hautagai ofiziala da Donostia. Odon Elorza alkateak gaur goizean aurkeztu du proiektua, Madrilgo Kultura Ministerioan. Blanca Urgell Kultura sailburua izan du aurkezpen horretan lagun. Irailean egingo dute proiektuaren ahozko defentsa, eta orduan jakingo dugu zein hirik gaindituko duten lehen fase hau. Iruñea, Malaga edo Caceres dira beste hautagaietako batzuk.

Europako kultura hiriburu izateko bidean, zazpi euskal itsasargik gidatuko dute ''Donostia 2016'' hautagaitza, ibili beharreko ibilbide hori argituz. Itsasargi bakoitzak Gipuzkoako hiriburuaren kultur proiektuak lantzen duen gaietako bat irudikatuko du. Horrela, Biarritzeko itsasargia Biodibertsitatearen itsasargia izango da; Sokoakoa, Hizkuntzen eta Lengoaien itsasargia; Higerko itsasargia (Hondarribia), Mugaz Haraindiko Eurohiriarena; Platakoa (Pasaia), Ezagutza Partekatuaren itsasargia; Santa Clara Irlako itsasargia, Bizikidetzarena; Igeldokoa, Bizitza Solidario eta Osasuntsuaren itsasargia, eta Zumaiako itsasargia, Naturaren eta Hirigintzarena.

Beste proposamen batzuk ere bildu dituzte gaur aurkeztutako proiektu horretan, besteak beste Europa mailako danborrada, tailer artistikoak, guda eta bakearen inguruko erakusketak, ''Alizia lurralde miresgarrian'' lana lengoaia berriekin lantzeko proposamena, euskarazko eskolak, zinemagileekin topaketak eta itsasoaren inguruko batzar zientifikoak.