Itxi

kultura

Argazkilaritza

‘Iruña, molde femeninoan’ argazki lehiaketa, Iruñean

Agentziak | Erredakzioa

Otsailaren 23ra arteko epea dago argazkiak aurkezteko, eta, berorretan, emakumeen presentzia agertu behar da, bizitzaren edozein esparrutan.

Iruñeko Udalak “Iruña, molde femeninoan” argazki lehiaketaren beste edizio bat antolatu du, emakumeek hirian duten tokia aldarrikatzeko. Otsailaren 23ra arteko epea dago Sanduzelaiko Civivoxem argazkiak aurkezteko.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, argazkietan emakumearen presentzia erakutsi behar da, historian, artean, kulturan, ohitura eta tradizioetan, modernotasunean, abangoardian, hezkuntzan, lanean, egunerokoan, familiartean edo gizartean adibidez.

Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahalko ditu, argitaragabeak eta beste lehiaketa batean saririk jaso ez dutenak, 30 x 40 zentimetroko formatuan. Otsailaren 23ko 21:00ak baino lehen eman beharko dira argazkiak.

Iaz, 75 egilek, 44 emakumek eta 31 gizonek, 156 argazki aurkeztu zituzten.

Lehiaketaren oinarrietan lau sari egongo direla jaso dute, 800 eurokoa handiena eta 400 eurokoa txikiena. Sariak martxoan emango dituzte, eta irudi onenen erakusketa paratuko dute, Civivoxen bertan.