Itxi

Albisteak

Guztira 72 ikuskizun

Arriaga Antzokiaren programazio berrian, zortzi produkzio propio

Erredakzioa

2011ko ekaina arte, Bilbon izango dira 'La averia' (Blanca Portillok zuzenduta), Guridiren 'El Caserio', Els Joglars, Faemino y Cansado eta Rafael Amargo. Gabonetan izotz gaineko balleta izango dugu.

Guztira 72 ikuskizun izango ditugu Bilboko Arriaga Antzokiko programazio berrian, tartean antzerki, dantza, musika, opera eta zarzuela proposamenak.

2010-2011 denboraldirako barietatearen eta berezko ekoizpenaren aldeko apustua berretsi du Arriagak, eta aurten zortzi ekoizpen propio estreinatuko dira Bilboko Antzokian.

Arriaga Antzokiak. Emilio Sagi zuzendari artistikoak jakitera eman duenez, aurten beste antzoki batzuekin elkarlanean ekoiztu beharko dituzte estreinaldiok. Krisi egoera dela-eta erakunde publikoetan egon diren aurrekontu murrizketen aurrean, erabaki hori hartu beharra izan dute eta aurreko bi denboraldietako ekoizpen propioaren maila mantendu ahal izateko.

Aurten sortuko dituzten ekoizpen berrien artean azpimarratzekoak dira Fin de partida (Samuel Becket ) eta La averia, Blanca Portillo aktore espainiarrak antzerki zuzendari gisa sortuko duen lehen lana. 2011ko maiatzaren 17tik 19ra bitartean izango da ikusgai Bilbon.

Abuztuan ekingo diote denboraldi berriari Arriagan, Chicago musikalarekin. Hurrengo hamaika hilabeteetan antzerki, musika, opera eta zartzuela ikuskizunak izango ditugu taula gainean.

Antzerkian aipatzekoak dira Faemino y Cansado bikotearen Parecido no es lo mismo lana, Moliérerren El avaro (Juan Luis Galiardo protagonista duena), Un tranvia llamado deseo, Roberto Alamo eta Vicky Peñarekin, eta El Joglars ezagunen 2036 Omena G azken ikuskizuna.

Dantzak ere izango du bere espazioa aurtengo denboraldian. Rafael Amargoren Rosso ikuskizuna, Aukeran Konpainiaren Burnia edo Sol Pico artistaren El llac de les mosques ikusi ahal izango ditugu taula gainean.

Musikari dagokionez, hainbat izen ezagun arituko dira Bilbon: Fiorenza Cedolins eta Mariola Cantarero sopranoak, Donostiako Orfeoia, Sergio Dalma, Raphael, Los Mitos edo Nuria Fergio eta Diana Navarrorekin batera arituko den Pastora Soler, besteak beste.

Opera zaleek Monteverderen L´Incoronazione Di Poppea pieza barrokoa izango dute ikusgai; eta opera garaikide bi ere taularatuko dituzte datozen hilabeteotan: Il segreto di Susanna opera komikoa (Ermanno Wolf-Ferrari) eta La voix Humane tragedia (Francis Polenc).

Sorozabal eta Guridi maisuen eskutik iritsiko zaizkigu zartzuela proposamenak: La del manojo de rosas eta El Caserio.

Arriaga Antzokian lehen aldiz, izotz gaineko balleta programatu dute gabonetarako: El lago de los Cisnes eta La Cenicienta dira aukeratutako lanak.