kultura
Gipuzkoa
Gipuzkoako Aldundiak ez du parte hartuko Chillida Lekuren erosketan
eitb.eus
Jaurlaritzak esan du errespetatu egiten duela foru erakundearen erabakia, baina haren parte-hartzerik gabe proiektua "ezinezkoa" dela ohartarazi du.
-
Chillida Leku
Gipuzkoako Aldundiak ez du parte hartuko Chillida Lekuren erosketan, ezin izan baitu ordaindu dagokion zatia (50 milioi euro), foru erakundeak ohar batean iragarri duenez.
Eusko Jaurlaritzatik EiTBri adierazi diotenez, "errespetatu" egiten dute Aldundiaren erabakia, baina ohartarazi dute haren parte-hartzerik gabe proiektua "ezinezkoa" dela.
Hainbat urtetako negoziazioen ostean, Chillidaren lanak erostearen kostua 100 milioi eurotan ezarri zuten, Jaurlaritzak eta Aldundiak erdibana ordaintzeko.
Horren ildotik, Foru Erakundeak zera adierazi du: "legealdi honetan, Gipuzkoako erronka nagusiei aurre egiteko beharrezko kudeaketa tresnak ezarri ditu gure erakundeak. 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoak lehentasun nagusi bezala finkatzen ditu ekonomia eta enplegua sustatzea, eta politika sozialak bultzatzea. Hori horrela, ezinezkoa da gure erakundearentzat Chillida Lekuko obra erosteak exijitzen duen konpromiso ekonomikoari aurre egitea".
"Erabaki bat hartzeko garaia iritsi da. Aldundiak, Gipuzkoako gizartearekin adostu dituen konpromisoekiko ardura, seriotasun eta koherentziagatik, erabaki du Chillida Lekuren erosketan parte ez hartzea. Ez da erabaki erraza izan, inondik inora, baina konbentzituta gaude egokiena dela Lurraldearen interes orokorra defendatze aldera", adierazi du Markel Olano ahaldun nagusiak, prentsa oharrean jasotzen denez.
2010etik itxita
Eduardo Chillida eskultore donostiarraren omenezko museoa 2010ean itxi zuten, arazo ekonomikoak tarteko.
Harrezkero, Jaurlaritzak eta artistaren senideek negoziazioak egin izan dituzte. Izan ere, museoa eskultorearen familiak kudeatzen zuen, eta erakundeek publiko bihurtu nahi zuten.
Itxaso Olanorengandik bereizi da, eta horren "prezipitazioa" kritikatu du
Gipuzkoako Kultura ahaldun Denis Itxasok (PSE-EE) esan du Markel Olano ahaldun nagusiaren erabakia arinegi pentsatua izan dela. Itxaso foru gobernuaren erabakitik bereizi da, eta azaldu du, EFEri egindako adierazpenetan, berak ere hartu duela parte negoziazioetan, non ahalegindu diren adosten epe batzuk familiak eskatutako diru-kopurua ordaintzeko, xede izanik museoa erosi eta publiko egitea. Itxasoren esanetan, 50 milioi euroko kopuruaren berri duela urtebete izan zuten.
Erabakia hartzeko moduagatik, indarrean dagoen legealdian orain arteko desadostasunik handiena jazo da Gipuzkoako gobernuan dauden bi bazkideen artean, alegia, EAJ eta PSEren artean.
Itxasok adierazi du bere kritika nagusia dela "prezipitazioa" ikusten duela, bat-batean amaitzeko hainbat urtez landu den kontu bat.
"Kopurua onargarria ez zela uste bazuten, negoziazioak ez zuen zertan jarraitu, baina izan da negoziazioa", esan du Itxasok; hain zuzen, ahaldunak esan du adostasuna zuela aurreraturik familiarekin, ordainketa-epea luzatzeko.
"Etorkizunean akordio bat lortzeko aukera guztiak itxi dira"
Eskultore donostiarraren familia "harrituta" agertu da Gipuzkoako Diputazioaren erabakiarekin eta adierazi du "etorkizunean akordio bat lortzeko aukera guztiak itxi" direla.
Chillidaren familiak ohar batean adierazi duenez, arratsaldeko lehen orduan dei bat jaso du Diputazioak atzera egingo duela jakinarazteko. Artistaren sendiak gogoratu duenez, negoziazioak duela lau urte abiatu ziren eta denbora horretan guztian elkarrizketetan esku hartu dutenek euren "iritzia eman dute, eztabaidatu dute eta hainbatetan amore eman dute".
"Lan isila eta zuhurra egin dugu, akordioaren alde guztiak ixtear zeuden. Gaur harritu egin gara horrela izango ez zela ikusi dugunean", gaineratu dute.
Euren iritziz, "prozesuari azkena emateko erabaki honekin etorkizunean akordio bat lortzeko aukerak itxi dira".