Nafarroako Kultura Kontseiluko kideak gaur, apirilak 29, bilduko dira, Kulturaren Vianako Printzearen 2016ko saria nork eramango duen ebazteko. Kontseiluko kideek hautagai hauek aurkeztu dituzte: Alfredo Sanzol antzerkigilea, Helena Taberna zinemagilea, Isabel Villanueva biola-jotzailea, Maria Amor Beguiristain arkeologo eta etnografoa, Jose Lainez eta Concha Martinez koreografo bikotea eta IPES kultur elkartea. Bestalde, Plaza de la Cruz Institutuko Hizkuntza eta Literatura Departamentuak Ignacio Aranguren irakaslea proposatu du; Peña Pregón kultura elkarteak, Miguel Echauri margolaria; eta UNESCOren Lagunen Elkarteak, Pello Salaburu filologoa, Nafarroako Gobernuak ohar batean azaldu duenez. Nafarroako Kultura Kontseiluaren bilera 10:00etan hasiko da, Nafarroako Jauregian, eta, hautagaitzak aztertutakoan, irabazlea nor izango den ebatziko dute bertan. Bilera bukatu eta berehala jakinaraziko dute haren izena, prentsaurrekoan. Saria Saria emateko ekitaldia maiatzaren 28an egingo dute, Erriberrin, Errege Jauregian. Gero, Kultura Zuzendaritza Nagusiak saridunarekin batera lan egingo du, haren lana zabaltzeko proiektu batean.