Itxi

kultura

Elkarrizketa

'Gure zibilizazioa egurrean eta basoan oinarrituta dago'

Natxo Velez | eitb.eus

Mari Jose Barriolaren zuzendaritzapean, “Gutik zura” dokumentala filmatzen ari dira, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanaren balioa gizarteratzeko.

  • Mari Jose Barriola da "Gutik zura" dokumentalaren zuzendaria.

    Mari Jose Barriola da "Gutik zura" dokumentalaren zuzendaria.

Zurak eta, oro har, basoak harreman estua dute euskal gizartearekin, eta, hain zuzen, egurraren eta euskal gizon-emakumeen arteko erlazioaren iraganari, orainari eta etorkizunari begiratu nahi diote Mari Jose Barriola zuzendariak eta Jon Maia eta Juantxo Sardon zuzendarikideek “Gutik zura” dokumentalean.

Basoarekin lotutako hainbat pertsonaren eta hainbat adituren iruzkinen bidez, Donostiako Zinemaldian estreinatu nahi duten dokumentala harilkatuko du lantaldeak. Lehenago, crowdfunding kanpaina abiatu dute, diru bilketa irekia.

Mari Jose Barriolarekin hitz egin dugu, lanaren zertzelada batzuk eman diezazkigun.

Lehengai-hornitzailearekiko harreman materialetik haratago, zer harreman izan du euskal gizarteak zurarekin eta, oro har, basoarekin?

Euskal Herriaren idiosinkrasian, basoa eta zurezko zimenduak daude. Antzinatetik eta etorkizunera begira, zura eta basoa lotuta daude Euskal Herrian. Esperientzian oinarrituta zuraren inguruan belaunaldiz belaunaldi metatutako ezagutza eta ondarea ikaragarria da: garai batean, ezin hobeto ezagutzen zituzten baso-espezieak, zuraren zuntzen kalitatea eta erabilera, zuhaitza bota beharreko sasoia, baita lehortzeko sasoi eta teknikak ere, zura ahalik eta ondoen aprobetxatzeko eta naturak emandako horri etekin handiena ateratzeko.

Euskal Herriak asko zor dio egurrari, eta gure zibilizazioa egurrean eta basoan oinarrituta dago.

Basogabetzea, material merkeagoak… Zer etsai ditu basoak gaur egun, eta zer erronka dauzka etorkizunari begira?

Gure gizartean, material sintetikoak hedatu dira, eta arrotza zaigu iraganean basoarekin eta bertako zurarekin zuten mendekotasuna. Gaur egun dauzkagun baliabideak eta teknologia txertatuz, zura ikertu eta berritzea eta tradizioa berreskuratzea dira gure helburuak.

Honela, zuraren erabileran eta produkzioan zein horren balio-kateko puntu guztien arloko prestakuntzan ere, zuraren industriak epe ertain eta luzean hobera egiteko lanean ari gara.

Zertan oinarrituta aukeratu dituzue dokumentalean agertuko diren pertsonak?

Gure ahalegina izango da ikusleak zuraren unibertsoa, baloreak, mehatxuak, erronkak, iragana, oraina eta etorkizuna barneratzea, eta istorio pertsonalak eta gaian adituak direnek emandako gakoak uztartuko ditugu horretarako, film dokumental baten formatuan.

Egurrarekin lotura izan dutenen eta lotura daukatenen lekukotasunak eta atzerrian modelo berrietan oinarrituz lan egiten ari diren adituen ekarpenak agertuko dira.

Crowdfunding kanpaina abiatu duzue #NireHazia izenpean. Ondo ari da funtzionatzen?

Momentuz indar handirik ez du hartu kanpainak, finantzaketa kolektiborako jarri genuen helmugaren % 10era ez gara iritsi oraindik. 25 egun ditugu aurretik, eta horretan ari gara, ahalik eta difusiorik handiena ematen. Jendeak hau bezalako deialdiei erantzutea zaila da, proiektua oraindik ez baita "existitzen" eta gugan konfiantza osoa jartzea eskatzen diogulako.

Filmatze lanei dagokienez, zein puntutan zaudete?

Orain arteko filmazio egunak lotuta ditugu, dokumentaleko pertsonaia eta lokalizazio garrantzitsuenetan. Kalitate eta edukirik onenak izango dituen pelikula aurrera ateratzeko, aparteko zuhaitz handi eta basoak dauden tokietara iritsi nahi dugu. Jende askok ezagutzen ez dituen ezkutuko lekuak erakutsi nahi ditugu, urte askoan hazten joan diren eta oraindik ere hazten diharduten zuhaitz mota eder hauek filmatu nahi ditugu.

Donostiako Zinemaldian estreinatuko duzue, irailean. Zer bide aurreikusten diozue filmari gero?

Proiekzioak eta hitzaldiak egingo ditugu hiriburu eta herrietan, eta ikastetxeetan eta Egurtek bezalako erakustazoketan proiektuaren nondik norakoak azaltzea da gure asmoa. EiTB Taldearekin ere lanean ari gara, dokumentala telebistan emititzeko.