Itxi

kultura

Elkarrizketa

'Game of Thrones' bueltan da, "emozio gehiagoz eta odoltsuago"

Agentziak | EFE

George R.R. Martin idazlearen 'A Song of Ice and Fire' liburu-sortan oinarrituta dagoen HBOren telebistako superprodukzioa datorren apirilaren 24an estreinatuko da.

Munduan zeharo ezaguna den Game of Thrones telesaila bueltan da bere seigarren denboraldiarekin, eta "emozio gehiagoz eta odoltsuago" itzuli ere, protagonistek berek EFE agentziari Londresen emandako elkarrizketa batean adierazi dutenaren arabera.

George R.R. Martin idazlearen A Song of Ice and Fire liburu-sortan oinarrituta dagoen HBOren telebistako superprodukzioak datorren apirilaren 24an estreinatuko du denboraldi berria.

Hala ere, aurreko denboraldiekin alderatuta, oraingoa izango da liburuei aurre hartuko dien lehendabizikoa, Martinek ez baitzuen azken liburua (The Winds of Winter) sasoiz bukatzea lortu, 2010. urtean idazten hasi bazen arren.

"Liburuak irakurri dituen pertsonentzat, aldaketa gogorra ekarriko du historiaren ikuspuntutik; aitzitik, oraingoa gidoilariek askatasun artistiko gehiago izan dute", ziurtatu zuen Carice van Houten aktore holandarrak, telesailean Melisandre denak.

"Erabat berria den lurralde batean sartuko gara; liburuen amaiera iritsi gara. Arraroa da Game of Thrones–en etorkizuna Martin gabe idaztea", esan zuen Ellie Kendrick britainiarrak, Meera Reed pertsonaia interpretatuko duenak, denboraldi bat agertu gabe egon ostean.

Kendrickez aparte, urtebeteren ostean itzuliko den beste bat Bran Stark gorpuzten duen Isaac Hempstead-Wright gaztea da. Ned Stark-en eta Catelyn-en bigarren semeak aurreko denboraldian galduriko protagonismoa berreskuratuko du, behin Max von Sydow aktoreak hezur-mamitzen duen Hiru begiko belea (Three Eyed Raven) aurkituta.

Bosgarren denboraldia honako era honetan bukatu zen: Ellaria Arena-k Myrcella pozoitu zuen, Theon Greyjoy-k eta Sansa Stark-ek Winterfell gotorlekutik ihes egin zuten, eta Bowen Marsh eta Gaueko Guardiako (Night's Watch) beste zenbait kidek Jon Snow erail zuten.

Melisandre

Snowren (Kit Harrington) heriotzak sare sozialak sutan jarri zituen eta egunkari eta blogetako ehunka orrialde bete zituen; horrenbestez, aparteko interesa piztu du denboraldi berri honetan Melisandrek izango duen zeregina.

"Presio hori sentitzen ari naiz duela hilabete askotik, baina ez dakit zergatik. Ez dut inoiz inor berpiztu! Egia da zenbait gauza magiko egin nituela, baina uste dut jende asko atsekabetuko dudala", adierazi zion EFEri Van Houtenek.

"Hemendik aurrera beste Melisandre bat ikusiko dugu, zeukan planak funtzionatu ondotik fedea eta kontrola galdu zuen Melisandre bat, hain zuzen ere", azaldu zuen aktoreak.

Arya

Seigarren denboraldian berebiziko garrantzia izango duen beste pertsonaia bat Arya Stark (Masie Williams) izango da. Aurreko denboraldiaren amaieran itsu geratu zen Ser Meryn Trant hil ostean The House of Black and White etxeko "aurpegi" bat erabiliz.

"Aryak horrenbeste denboraz pilatutako gorrotoa eta haserrea albo batera utzi behar ditu", azaldu zuen Williamsek. "Une gogorrak eta tristeak igaro ditu, eta denboraldi honetan borroka pertsonal bati aurre egin beharko dio Arya ikusiko dugu, eta borroka horretan ikasiko du dena ezin dela konpondu mendekuarekin", gaineratu zuen.

Tommen

Burdinazko Tronuak (Iron Throne) Tommen Baratheon-en (Dean-Charles Chapman) esku jarraituko du, bere anaia Joffrey-ren heriotzaren ostean.

"Tommen-ek bere beldurrak  gainditzea du xede. Gainerako guztien kontrara, Tommenek ez du tronua gura, maite duen bere emaztearekin egon nahi du bakarrik", kontatu zuen Chapmanek. Gainera, ikusleei jakinarazi nahi izan zien telesailaren denboraldi berria aurreko guztiak baino "askoz hobea eta odoltsuagoa" dela.

Gauza bera adierazi zuen Ramsay Bolton gorrotagarria gorpuzten duen Iwan Rheon britainiarrak ere: "Askoz, askoz odol gehiago ikusiko dugu, baina une honetan erantzun gabe dauden hainbat galdera argituko dira". "Ezin dut gehiago argitu, etortzekoa dagoena oso zirraragarria dela baino ez", esanez bukatu zuen.

Munduan zehar estreina dadin astebete geratzen den honetan, aktoreek honako ohar hau eman zieten jarraitzaileei: "Ondo presta zaitezte, negua dator eta!".