kultura
Inaugurazioa
Urkullu: 'Tabakalera Donostia 2016 erronka handiarentzako bultzada da'
Agentziak | Erredakzioa
Tabakalera zabaltzeko ekitaldi instituzionalean egin ditu adierazpenak lehendakariak. Tabako fabrika zaharra kulturaren nazioarteko zentroa bilakatu da.
Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroa Donostia 2016 “erronka handiarentzako bultzada” izango dela ziurtatu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Era berean, “etorkizunerako erronka bat” eta Euskadirentzako “aukera” bat dela adierazi du buruzagiak.
Tabakalera zabaltzeko ekitaldi instituzionalean egin ditu adierazpenak lehendakariak. Tabako fabrika zaharra kulturaren nazioarteko zentroa bilakatu da. 37.000 metro karratuko lantegia 1913an eraiki zuten.
Inaugurazio ekitaldia datorren ostiralera arte luzatuko da; izan ere, orduan publikoarentzako ofizialki zabalduko dute. Jon eta Naiara Montero Kataluniako arkitektoek eraikina birmoldatu dute. Inaugurazio instituzionalean Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Cristina Uriarte Kultura sailburua izan dira, besteak beste.
Tabakalerako inaugurazio instituzionala. Argazkia: EFE
Era berean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendaria ekitaldian izan dira. Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria anfitrioia izan da.
Denis Itxaso Kultura diputatua eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia inaugurazioan izan dira.
Iñigo Urkulluren hitzetan, Tabakalera “proiektu irekia” da eta “kultura ekoizteko lantegi” bat eta “berrikuntza eta sormenerako ekosistema bat batzen” ditu, “nazioarteko erreferente bat izateko helburuarekin”.
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Cristina Uriarte Kultura sailburua Tabakaleran. Argazkia: EFE
“Kultura sormenerako” faktoria
Bestalde, tabako lantegia “kultura sormenerako” faktoria bihurtzea garrantzitsua dela azpimarratu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Donostia euskal kulturaren “edukien” sustatzaile izateko balio behar duela erantsi du Olanok.
Donostia “Europako kulturaren hiriburua izateko ez-ezik, kultura Donostian nagusi izateko” lan egiteko beharra nabarmendu du Eneko Goia hiriko alkateak.
Tabakalera “Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako erreferentea” bihurtzeko apustua egin du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak, “baina nazioarteko eta Europako kultura testuinguruan kokatuz ere, datorren urteko aukera aparta delako”.