Itxi

kultura

Donostia

Tabakalera irailaren 11n irekiko dute orainaldira eta iraganera begira

Agentziak | Erredakzioa

Zentroko arduradunek aurreikusten dutenez, proiektu guztia datorren urte hasierarako egongo da osorik martxan.

1:41
tabakalera

Kultura garaikideko Donostiako zentroak, Tabakalerak, irailaren 11n irekiko ditu ateak aste guztia barne hartuko duten ekitaldiekin. Ekitaldi horiek orainaldira eta etorkizunera begiratzeko egitasmoaren bokazioarekin bat etortzeaz gain, iraganari ere keinuak egingo dizkiote.

Irekiera-ekitaldi ofiziala 18:30ean egingo da, eta, ondoren, inaugurazio-programako lehendabiziko ekitaldi nagusiaren txanda iritsiko da: erakusketa-aretoaren inaugurazioa. Hala azaldu du Ana Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariak gaur goizean emandako prentsaurrekoan.

Egun berean irekiko duten beste espazio bat bodega izango da. Toki hori hautatu dute eraikin enblematikoari buruzko atzerabegirakoa egitekoa.

Horren ostean, 19:00etan, Tabakalerako ateak publikoari zabalduko zaizkio. Herritarrek bi eratara ezagutu ahal izango dute eraikina: euren kabuz edota hainbat artistak prestatutako ibilbideak jarraituta. Hastapen-jardunaldia plazan eta zabaltzan egingo den jai batekin amaituko da, Chico Trópico eta AMI PLIN disko-jartzaileen eskutik.

Larunbatean Tabakalerako beste gune nagusietako bat jarriko da abian: zinema-aretoa. Kasu honetan ere hiriari lotutako sormen artistikoari begira ekingo dio; horrela, "Un, dos, tres, al escondite inglés" filma proiektatuko dute. Iván Zulueta Zinemagile donostiarrak 1969an zuzendutako zinta, hain zuzen ere.

Asteburuan zehar teknologia eta kultura digitala oinarritzat dituen Hirikilabs izeneko laborategiak ere bere ateak irekiko ditu. Orain arte 2016ko kultura hiriburuaren bulegoan zegoen kokatuta.

Ane Rodriguezek azaldutakoaren arabera, irekiera-ekitaldiaren egunerako Euskal Filmategia eta Etxepare Institutua dagoeneko Tabakaleran instalatuta egongo dira; aitzitik, Kutxaren erakusketa-azoka berria geroago jarriko da martxan, baina urte honen barruan.

Tabakalerak, publikoari zuzendutako jarduera-programa eskaintzeaz gain, ekoizpen artistikora bideratutako zentroa izan nahi du, eta bere eguneroko funtzionamendu arruntan ez da urrira arte ikusi ahal izango, irailean zehar Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zabaltegi saila hartuko baitu, baita Zinemagintza Ikasleen Nazioarteko Topaketa ere.

Zentroaren beste proiektu garrantzitsuetako bat, Ubik deitzen den sormen-liburutegia, ez da abendura arte abian jarriko. Horri ekin ostean, Tabakalerako arduradunek aurreikusten dute proiektu guztia datorren urte hasierarako egongo dela osorik martxan. Urte horretan, Europako Kultur Hiriburua izango da Donostia.

Azkenik, Ane Rodriguezek jakinarazi du 2016ko otsailera arte ez dela martxan egongo eraikinean egongo den hotela.