Itxi

kultura

Donostia

Irailaren 11n zabalduko dute Tabakalera sorkuntza zentroa

N,V. | eitb.eus

Espazioak atalka zabaltzen joango dira, 2016rako eraikin osoa martxa betean egoteko asmoz.

  • tabakalera

Tabakalera kultura garaikidearen sorkuntza zentroa irailaren 11n irekiko dute. Proiektu kulturalari dagozkion espazioak irekiko dituzte lehenengo, eta gainerako espazio eta ekimenak udazkenean zehar batzen joango dira, 2016rako eraikuntza erabat martxan egon arte.

Donostiako tabako fabrika zaharra, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa izango da, beraz, irailetik aurrera: irekieraren aurreko egunetan eraikina bisitatu eta proiektuaren arduradunekin solasaldiak izateko aukera izango da, eta irekiera egunean, irailaren 11n, ostiralarekin, festa egingo dute.

Tabakalera kultur proiektuaren helburu nagusia kultura sorkuntza garaikidea hainbat esparrutan eta fase guztietan (ikertzea, ekoiztea, erakustea) sustatzea da, baita ezagutza sortzea eta partekatzea ere. Horretarako, komunitate sortzailea sendotuko du eta eragileen eta herritarren arteko lankidetza espazioak eskainiko ditu, arduradunek azaldu dutenez.

Lau lan ildoren inguruan antolatuko du programa Tabakalerak: Praktika artistiko garaikideak, Hezkuntza, Hirikilabs kultura digitalaren laborategia eta UBIK sorkuntza liburutegia.

Halere, Tabakalera kultur proiektuaz gain, beste erakunde eta proiektu batzuk ere egongo dira eraikin berrituan: Zinemaldia, Etxepare Euskal Institutua, Euskadiko Filmategia eta Kutxa Fundazioa.

Atalkako irekiera

Irekierarekin batera, irailean, proiektu eta espazio hauek zabalduko dituzte Tabakaleran: erakusketa aretoa eta erakusketa programa, jatorrizko gunea, zinema aretoa eta Hirikilabs laborategia (sorkuntza prozesu irekiak eta ezagutza partekatua, kultura digitalaren inguruan).

Urritik aurrera, Sortzailearen Bulegoa egongo da martxan, eta Sorkuntza Liburutegia abenduan zabalduko da, eraikinaren lehen solairuan.

Beste erakundeei dagokienez, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak ere eraikin berrian izango dituzte bere egoitzak irailetik aurrera. Zinemaldiaren bulegoak, berriz, azaroan lekualdatzea aurreikusi dute, eta, azkenik, Kutxak urte amaierarako egon nahi du bertan.