Itxi

kultura

Heriotza

Robin Williams aktorea zendu da, 63 urte zituela

Erredakzioa

Lehen ikerketen arabera, aktoreak bere buruaz beste egin du. Bere logelan gerriko bat erabiliz urkatu du bere burua.

Robin Williams aktore estatubatuarra gaur zendu da, 63 urte zituela, Tiburoneko (Kalifornia) bere etxean. Lehen ikerketen arabera, Marin konderriko agintariek jakinarazi dutenez, aktoreak bere buruaz beste egin du, eta bere logelan gerriko bat erabiliz urkatu du bere burua.

Izan ere, bere burua itota hil dela uste du Poliziak. Hala ere, gaur egingo diote autopsia eta Poliziak agerraldia egingo du kazetarien aurrean.

Azken asteotan "depresio gogor baten aurka" aritu da Williams, Mara BuxBaum bere bozeramaileak aditzera eman duenez. "Ustekabean galdu dugu", gaineratu du.

Susan Schneider bere emazteak esan du "bihotza birrindu" egin zaiola eta, senarra izateaz gain, bere "lagunik onena" ere bazela gaineratu du. Bere heriotzagatik ez ezik, Williams "milioika laguni eragindako barre eta zoriontasunagatik" gogoratzea eskatu du.

Uztailean, Minnesotako errehabilitazio zentro batean bere kabuz sartu zen, urtebetez lanean egon ondoren.

Kokaina eta alkoholarekin hainbat arazo izan ditu Robbin Williamsek 80. hamarkadatik. Urte askotan, menpekotasun horietatik urrun mantentzea lortu bazuen ere, 2006. urtean berriz erori zen.

Atzo ikusi zuten bizirik azkenekoz, Tiburon Kaliforniako herrialdeko bere etxean. Goizaldean, larrialdi zerbitzuei hots egin diete, aktorearen egoeraz ohartaraziz. Medikuak aktorearen etxera iritsi direnean, Williams arnasik eta konorterik gabe aurkitu dute eta, berehala, bere heriotza egiaztatu dute.

Orain, gertatutakoa ikertuko dute, nahiz eta, aurreneko zantzuen arabera, Williamsek bere buruaz beste egin duen.

Robin Williams izarra

Zine munduan ibilbide luzea izan du Robin Williamsek, 1998. urtean Oscar saria lortu zuen eta 5 Urrezko Globo ere eskuratu zituen.  Oscar saria ‘Good Will Hunting’ filmeari esker lortu zuen.

1951. urteko uztailaren 21ean Chicagon jaioa, 'Happy Days' telesailean eman zituen bere aurreneko pausoak, 1974. urtean. Zinean, ‘Popeye’ izan zen bere lehen filma, 1980. urtean, baina hamarkada horretako bigarren zatira arte ez zuen ospea lortu.

Good Morning Vietnam’ filmean egindako lanagatik Oscar Sarietan izendatu zuten 1988an, baina ez zuen lortu. 1990an eta 1992an ere bi izendapen izan zituen, ‘El club de los poetas muertos’ eta ‘The Fisher King’ filmeetan egindako lanengatik. 1998. urtean bai, Oscar Saria lortu zuen, ‘Good Will Hunting’ pelikulagatik.

Aurten "The Angriest Man in Brooklyn" komedia eta ‘Boulevard’ dramak estreinatu ditu, eta urte amaierarako "Merry Friggin' Christmas"  eta ‘Night at the Museum’-en hirugarren zatia prest zituen.  Horrez gain, telebistan ere aritu izan da azken hilabeteotan.

Robin Williams hainbat filmeengatik gogoratuko dugu, besteak beste "Awakenings" (1990), "Hook" (1991), "Aladdin" (1992), "Mrs. Doubtfire" (1993), "Jumanji" (1995), "Patch Adams" (1998), "Bicentennial Man" (1999) edota "The Butler".