Itxi

kultura

Heriotza

Malik Bendjelloul zinemagile suediarra zendu da, 36 urte zituela

Erredakzioa

Besteak beste, 'Searching for Sugar Man' dokumentala zuzendu zuen Bendjelloulek, eta urteko dokumental onenaren saria eman zioten 2013ko Oscarretan.

Malik Bendjelloul zinemagilea zendu da gaur Stockholmen, 36 urte zituela, Sony Pictures Classics enpresak jakitera eman duenez. Besteak beste, ‘Searching for Sugar Man’ dokumentala zuzendu zuen.

“Oso triste gaude”, adierazi dute Michael Barker eta Tom Bernard Sony Pictureseko presidenteek, ohar batean.

Bendjelloulen heriotza zergatik gertatu den ez dute oraindik azaldu, baina Poliziak dagoeneko ukatu du hilketa baten ondorioz zendu izana.

2013. urteko Oscar sarietan, ‘Searching for Sugar Man’ dokumentala saritu zuten. 70eko hamarkadako rock abeslari baten historia kontatzen du bertan zinemagileak.

Arrakasta gutxiko disko bat kaleratu ondoren, musikaria egun batetik bestera desagertu egin zen eta hainbat hedabidetan bere buruaz beste egin zuela argitaratu zuten. Urte batzuk geroago, Hegoafrikan arrakasta handia lortu zuen, eta, jarraitzaileek ikerketa bat abian jarri zuten, artista horren inguruko berriak lortzeko.