kultura
Donostia 2016
Donostia 2016 'krisi berri' baten aurrean dagoela aitortu du Izagirrek
Erredakzioa
Itziar Nogerasek Patronatuaren esku utzi zuen Donostia 2016 proiektuaren zuzendari kargua. Izagirrek lasaitasunerako deia egin du, "2016 proiektua ez baita pertsona edo alderdi batena".
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Donostia 2016 kultur hiriburuaren bulegoan "krisia" dagoela aitortu du, baina proiektuak, "pertsona batena edo alderdi batena ez denez gero", aurrera egingo duela nabarmendu du.
Itziar Nogerasek Donostia 2016 proiektuaren zuzendari kargua Patronatuaren esku uzteko erabili dituen manerekin "harrituta eta maila pertsonalean minduta" dago Donostiako alkatea, "batik bat egiteko moduagatik".
Izagirrek, 2016 Fundazioko presidente gisa, "autokritika" egin du, eta bulegoari "egonkortasuna" ematen asmatu ez dutela aitortu du, "ez komunikazio politikoan ezta izan behar duen gardentasun mailan ere".
Donostiako alkateak lasaitasunerako deia egin du, Donostia 2016 proiektuak aurrera egingo baitu, "bai ala bai", eta horretako "herritarren inplikazioa" behar dela uste du.
Horrez gain, atzo, Patronatuaren bileran gai "positiboak" onartu zituztela eta programara "proposamen distiratsuak" gaineratu zituztela iragarri du, nahiz eta Nogerasen iragarpenak ilundu egin zituen. Zuzendariari 24 orduz hausnarketa egiteko eskatu diotela esan du.
Izagirreren esanetan, Nogerasek karguan jarraitu ala ez, 2016 Fundazioaren hurrengo erronka proiektuari orain arte izan ez duen egonkortasuna ematea izango da. Dena den, uko egin dio egungo taldean aldaketak egongo diren baieztatzeari- "Hartu behar diren erabakiak hartuko dira", nabarmendu du. Halaber, organigrama berri bat egiteko eta taldera jendea batzeko proposamenak daudela adierazi du.
Odon Elorzak "lidergo, gogo eta koherentzia falta" egotzi dio Bilduri
Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta egungo diputatu sozialistak Bilduren "lidergo, gogo eta koherentzia falta" kritikatu du Donostia 2016 proiektuan.
Elorzak sarrera berri bat argitaratu du haren blogean Itziar Nogerasen iragarpenaren harira. Alkate ohiaren ustez, Nogerasen erabakia "gauzak gaizki egiten ari direnaren enegarren froga da". "Bildu, EAJren konplizitatearekin, hiritarren eta mugimendu kulturalaren ilusioak zapuztea lortzeko tematuta dago", gaineratu du.
Donostia 2016 proiektua hiriaren bizitza kulturaletik at prestatzen ari direla salatu du. Halaber, 2016ra bitartean gelditzen den denboran ekintza kultural jarraitua garatuko litekeela adierazi du. Bestalde, hiritarrak etsita eta eszeptiko daudela ohartarazi du.
Barne koordinazioan "akats larriak" daudela ohartarazi du Odon Elortzak eta aurrekontua oso mugatua dela gaineratu du.
Donostiako EAJk 'neurri zorrotzak' hartzeko premia adierazi du
Donostiako Udaletxeko EAJko ordezkariak, Eneko Goia, Donostia 2016 ekimenak 'neurri zorrotzak' hartzeko premia duela adierazi du. Horretarako 'krisi sakon batean' dagoen proiektuaren 'zuzendaritza eta norabidea' aldatu beharra azpimarratu du.
Goiak 'Donostiarentzat biziki garrantzitsua den proiektua aurrera eramateko laguntza eskaintzeko prest dagoela' gaineratu du. Bere iritziz, 'eraginkortasuna eta gardentasuna' falta dira. 'Donostia 2016 proiektuaren inguruan albiste txar gehiegi batu direla' baieztatu du.
Bilduk kudeatutako udal gobernuak alderdi politikoei eskatutako 'babesa' kritikatu ostean 'proiektu gardenago eta eraginkorrago bat' egin behar duela esan du.
'Oraindik garaiz gabiltza eta EAJ beti egongo da Donostiaren alde kolaboratzeko prest baina Bilduk izen aldaketa bakarrik ez jarrera ere aldatu egin behar du'.
PPko Gomez Ugaldek Izagirreren dimisioa eskatu du, “lidergo ezarengatik”
Ramon Gomez Ugalde Alderdi Popularrak Donostiako Udalean duen bozeramaileak Juan Karlos Izagirre alkatearen dimisioa eskatu du, “proiektuaren arduradun nagusi moduan duen lidergo ezarengatik”. “Hiru urte daramatzagu pertsonei buruz hitz egien, eta ez kultura ekimen bati buruz”, gaineratu du.
Ohar batean adierazi duenez, Itziar Nogerasek kargua patronatuaren esku utzi izanak “ez dio Donostia2016 proiektuari laguntzarik ematen”.
“Orain zazpi hilabete Izagirrek izendatu zuen pertsonak kargua desadostasunengatik eta babes ezarengatik uztea ulergaitza da”, azpimarratu du.
“Izagirre da kargua utzi behar duena, ez baitu gure hiriarentzat oinarrizkoa den proiektu bat zuzentzeko gaitasunik. Alkate denetik hiri hau geldituta dago”, amaitu du.
Aurrera egiteko erakunde guztien apustua nabarmendu du Jaurlaritzak
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak asteazken honetan aitortu duenez, ustekabean harrapatu du Itziar Nogeras Donostia 2016 proiektuaren zuzendari nagusiaren iragarpenak, baina erakundeek proiektuarekin aurrera egiteko apustua egin dutela nabarmendu du.
"Donostia 2016 proiektua aurrera aterako denaren uste osoa daukagu. Atzo aurrerapausoak eman ziren, kultura programazioa aurkeztuta eta bulego teknikoa indartuta", gaineratu du.
Nogerasen iragarpenaren ondotik Patronatuak bilera egingo du apirilean, eta "orduan ikusiko dugu zer aldaketa egin behar diren edota hautaketa prozesu berria egin behar den".