kultura
Heriotza
Paul Walker 'Fast & Furious'en protagonista hil da auto-istripuz
Erredakzioa
40 urteko aktorea legez kanpoko auto lasterketei buruzko sagaren zazpigarren atala grabatzen ari zen asteotan.
Paul Walker aktorea, Fast & Furious pelikula sagaren protagonista, hil da gaur auto-istripuz Valentzian (California), aktorearen ordezkariek jakitera eman dutenez.
"Paul gaur hil da auto-istripuz Reach Out Worldwide erakundearen ongintzazko ekitaldi batean", azaldu dute aktorearen Facebookeko webgunean. "Lagun batekin zihoan autoan bidaiari gisa", gaineratu dute.
Los Angelesko Poliziak jakitera eman duenez, istripua 15:30 aldera gertatu zen. Autoa sutan aurkitu omen zuten, eta bi gorpu zeuden barruan, aktorearena eta gidariarena.
Oraindik ez dute argitu ezbeharra zerk eragin zuen.
Auto lasterketa saga
Walker Fast & Furious legez kanpoko auto lasterketei buruzko sagaren zazpigarren atala grabatzen ari zen asteotan. Brian O'Connerren papera egiten zuen Walkerrek, eta fama handia lortu zuen horri esker.
Universal Picturesek 2.400 milioi dolar eskuratu ditu pelikula horiekin.