kultura
Ministroen Kontseilua
Pirateriaren aurka 300.000 eurorainoko isunak proposatu dituzte
Erredakzioa
Jabetza Intelektualaren legea erreformatzeko aurreproiektua azaldu du Wertek. Autore-eskubideak kudeatzeko gardentasun gehiago ematen die aurreproiektuak entitateei.
-
Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak. EFE
Jabetza Intelektualaren legea erreformatzeko aurreproiektua onartu du gaur Ministroen Kontseiluak. Interneten, pirateriari aurre egiteko tresnak indartu nahi ditu egitasmoak, eta autore-eskubideak kudeatzeko gardentasun gehiago ematen die aurreproiektuak entitateei. Erreforma agintaldi honetan onartuko dute.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak Ministroen Kontseiluaren ostean iragarri duenez, autore-eskubideen kudeaketa entitateak, pirateriaren aurka borroka egiteko prozedurak, "informazioaren gizarteak izandako garapena kontuan hartuta "kopia pribatuaren berrikusketa mugatua, eta 2011 Zuzentarauaren transposizioa jorratuko ditu aurreproiektuak.
Interneten autore-eskubideen babesa areagotzeko zigorrak gogortuko ditu aurreproiektuak, 30.000-300.000 euro bitarteko isunak ezarriz. Horrela, autore-eskubideak urratzen dituzten atarien aurka egiteko gaitasun handiago izango dute erakundeek.
Prozedura Zibileko Legearen aldaketarekin informazioa ematen duen euskarriaren arduraduna identifikatu ahal izango dute, "babestutako edukiak zabaltzen ari denean ", Werten hitzetan.
Gobernuak autore-eskubideak urratzen dituzten pertsonak "jazartzeko filosofia" duela azpimarratu du Wertek.