Itxi

Musika

Urtarrilaren 30era arte

Musika Bulegoaren sarietako proposamenak bidaltzeko epea, zabalik

N. V. | EITB Media

Maiatzaren 14an banatuko dituzte sariak, Gasteizen. 11 artista edo musika talderen lana aitortuko dute sarien 9. edizioan.

  • Musika Bulegoa sariak

    Musika Bulegoa sariak

Urtarrilaren 30era arte, Euskal Herriko musikari eta taldeek zabalik dute beren proiektuak Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen Musika Bulegoa sarien 9. ediziora aurkeztu ahal izateko deialdia.

Aurten, maiatzaren 14an banatuko dituzte sariak, Gazteizeko Jimmy Jazz aretoan.

Sari hauen xedea, "musika lanak balioan jarri eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmentzea da. Horregatik, ez dago inolako kategorizaziorik, beste lehiaketa batzuetan ez bezala", Musika Bulegokoek azaldu dutenez.

Kultura arloko profesionalen epaimahai batek, musikariek, kazetariek, musika programatzaileek eta hezkuntza mundutik datozen pertsonek osatua, aurkeztutako proposamenak baloratuko ditu eta 11 sarituetatik 8 aukeratuko ditu.

Gainera, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza batzordeak sari berezi bat emango dio Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, "prestakuntza, sentsibilizazioa edo zabalkundea bezalako arloetan proiektu aipagarri bat garatzeagatik".

Etxepare Euskal Institutuak ere sari bat emango du "euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana aitortzeko", eta Publikoaren saria ere izango da.

Euskaraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dute, nahiz eta sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak ere aurkez daitezkeen. Lanak 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartean aurkeztuak izan beharko dira jendaurrean.

Besteak beste, Zea Mays, Izaro, Su Ta Gar, Chill Mafia, Gabriel Erkoreka konpositore eta pianista, Kepa Junkera, Teresa Catalan konpositore nafarra, Bilboko Kafe Antzokia eta Eresbil Musikaren Artxiboa izan dira sarituak aurreko edizioetan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika
  • Kultura