Musika
Ekainaren 3ra bitartean
Imanol, Mikel Laboa eta Xabier Lete abestuz omenduko dituzte Bilbon
Erredakzioa
BBK Aretoan egingo duten kontzertu ziklo batek eta Euskalduna Jauregian eskainiko duten ikuskizun batek osatuko dute 'Imanol, Mikel Laboa eta Xabier Lete eta gu kantatzen'.
-
Mikel Laboa. Argazkia: EFE
'Imanol eta gu kantatzen' emanaldi bereziarekin hasiko dira gaur Bilboko BBK aretoan 'Imanol, Mikel Laboa eta Xabier Lete eta gu kantatzen'. Bihar, Mikel Laboa izango da protagonista eta maiatzaren 11an Xabier Leteren abestiek beteko dute Bizkaiko hiriburuko aretoa. Ekainaren 3an aurreko emanaldietan eskainitako kantuen laburpen
bat egingo dute Euskalduna Jauregian, dantza ikuskizun batek lagunduta. Bertaratuko direnek
'Agur Jaunak' abesten amaituko dute omenaldia.
'Laboa, Xabier Lete eta gu kantatzen' ekimenean hiru euskal abeslari handien kantuak abestuko dituzte. Estilo eta sentimendu ezberdinak batuko dituzten lau kantalditan banatu dute ikuskizunaren errepertorioa.
Txema Garces arduratu da emanaldien zuzendari lanez eta kontzertu bakoitzean baxu elektrikoa ere joko du. Haren alboan Juantxo Zeberio (pianoa), Joxan Goikoetxea (akordeoia), Jose Ramon Mitxelena (gitarra), Francisco Herrero (biolina), eta Hasier Oleaga (bateria, perkusioa) musikariak izango dira.
Hauek guztiek ahots ezagunak izango dituzte alboan abeslari lanak egiteko: Jaione Olazabal, Patxi Saiz, Niko Etxart, Kattalin Indaburu, Amaia Riouspeyrous, Iru soinu, Peio Brave, Xabi Brave, Maider Cigaroa, Alberto Zunzarren eta Patxi Mariezkurrena.
Ekainaren 3an Euskalduna Jauregian egingo den azken ekitaldian Unai Zabaletak egingo ditu aurkezle lanak. Gainera, Angel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolariek eta, Joseba Sagastibeltzak zuzenduta, Leitzako dantzariek ere parte hartuko dute.