Itxi

Musika

Abuztuak 2-27

Azucena Vieitesek egin du aurten Donostiako Hamabostaldiaren kartela

N. V. | EITB Media

Jaialdiaren 83. edizioko irudiak uda, musika jaialdia gertatzen den aroa, dakar gogora.

  • Uda dakar gogora Musika Hamabostaldiaren aurtengo kartelak

    Uda dakar gogora Musika Hamabostaldiaren aurtengo kartelak

Azucena Vieites artistak (Hernani,1967) egin du 83. Musika Hamabostaldiko irudia izango den kartela. Abuztuaren 2tik 27ra egingo dute musika topaketa.

Vieitesek 83. Hamabostaldiko kartelerako aukeratu duen irudia bideo batetik hartuta dago; itsasoa iradokitzen du, eguzki printzek uda dakarte gogora. "Atsegin dut irudia ekitaldia gertatuko den unearekin lotzea; abuztua, uda da eta gainazal batean proiektatzen den argi biziak uda hori jasotzen du", azaldu du.

Azucena Vieitesen lana erakunde zein museo ugariren bildumetan dago: San Telmo Museoa, Reina Sofía, Gasteizko Artium, Valentziako IVAM… 1994an, "Erreakzioa" sortu zuen beste hainbat kiderekin batera, jardun artistikoaren eta pentsaera feministaren arteko proposamenak garatzeko ekimena.

Artistak ilusio handiz hartu zuen Hamabostaldiko kartela egiteko lana: "Pozarren hartu nuen, baina erantzunkizunez ere bai. Hamabostaldia ezagutzen nuen, baina edozein gipuzkoar herritarrek bezala; orain arteko kartelak ezagutzen nituen, baina ezer gehiago ez. Dena den, esan beharra dut ekimen bikaina iruditzen zaidala; ederki dago Hamabostaldia bezalako jaialdi baten kartela euskal artistei eskatzea".

Musika Hamabostaldia

Musika Hamabostaldia

Betorik ez

Kartelaren aurkezpenean, Patrick Alfaya jaialdiaren zuzendariak esan du jaialdiak ez duela "oso ondorio larririk" aurreikusi Ukrainako gerrarekin lotuta. Beste toki batzuetan errusiar artistek jaso duten boikotaren aurrean, Alfayak esan du Hamabostaldiak ez diola inori betorik jarriko bere jatorriaren arabera.