Musika
Bilbo
Bizi Euskalduna, jauregia zabalik otsailaren 26an
N. V. | EITB Media
Euskalduna Jauregiaren jarduna barru-barrutik bizi ahalko dute herritarrek egun osoan: kontzertuak (BOS, Anari, Belako…), bisita antzeztuak, hitzaldiak…
-
Belako taldearen kontzertua egongo da
Otsailaren 26an, Euskalduna Jauregira joatera gonbidatu dituzte herritarrak. Egun osoan, 11:00etan hasita, egitarau oparoa izango da Bilboko espazioan, Bizi Euskalduna izenaren pean.
Erakusketak, LGTBI turismoari buruzko jardunaldiak, bisita antzeztu eta gidatuak, zirkua, ipuin kontalaria, zeinu hizkuntzako dantza ikuskizuna, opera bat nola taularatzen den jakiteko hitzaldia eta musika egongo dira aukeran egun horretan, publikoaren gozagarri: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Borja Niso piano-jotzaile eta konpositorearen emanaldia, Anariren akustikoa, McEnroe eta Galernaren kontzertua eta Belakoren kontzertua, Auditorioan.
"Botadun katua" ikuskizunerako eta musika emanaldietarako, sarrerak erosi beharko dira, eta gainerako jarduerak doakoak izango dira.
Euskaldunaren webgunean izango da ordutegiak kontsultatzeko, sarrerak erosteko eta gonbidapenak jasotzeko aukera.