Musika
Motmo plataforma
Musikariak, irakasle
Natxo Velez | EITB Media
Motmo plataformak euskal artisten bideo eta partiturak eskaintzen ditu, baxua eta gitarra jotzen ikasten ari direnek zuzen-zuzenean izan dezaten beren doinu gogokoenetarako sarbidea.
-
Sara Zozaya Motmorako bideo bat grabatzen
Gehiegikeriaren aro honetan, musikan ere, zaila da zurrunbiloan hara-hona dabilen material sarritan berdin samar eta kalitate eskasekoaren artean norberarentzako baliabide egokia lortzea, paradoxikoa den arren. Motmo euskal musikarien kantuen bideoak eta tablaturak (partitura sinplifikatuak) batzen dituen plataforma digitalaren sortzaileek azaldu digutenez, Interneten bere abesti gogokoenen milaka bertsio eta partitura aurkituko ditu gitarra edo beste tresna bat jotzen duenak, bai, "baina normalean akatsak izaten dituzte eta ez dira batere fidagarriak izaten", Bruno de Zabala plataforma berri honen sortzailearen hitzetan.
"Arazo hori izan zen Motmoren abiapuntua. Abestien sortzaileek erakusten badigute nola jo behar diren, ez dago zalantzarik partituren fidagarritasunaren inguruan. Gure plataformak fidagarritasuna eta artistekin ikasteko aukera eskaintzen ditu", azaldu digute.
Rafa Rueda
Hilabete darama martxan Motmok, eta astero berritzen ditu edukiak horren atzean dagoen bost laguneko lantalde "txiki baina potentzia handikoak". Denbora horretan guztian, denetariko artisten kantuak jarri dituzte eskura, baxu, gitarra eta ukelelerako, zailtasun mailaren arabera (oso erraza, erraza, bitartekoa, zaila eta oso zaila) sailkatuta: Baldin Bada, Dupla, Ezpalak, Idoia, Nøgen, Olatz Salvador, PiLT, Rafa Rueda, Sua, Sara Zozaya, Txapelpunk…
"Zergatik horiek?", galdetu diegu. "Gure ekipoaren proposamenak kontuan izateaz gain, jarraitzaileek Instagramen bidez egiten dituzten eskariak ere izaten ditugu kontuan. Horrez gain, sare sozialetan eta, besteak beste, Spotify plataforman bila ibiltzen gara taldeek zer jarraitzaile eta entzule kopurua duten jakiteko", esan digute.
Erabiltzaileek bost euroko tarifa laua ordain dezakete hilean, abesti guztien bideo eta tablaturetan sartzeko eta artistekin egiten dituzten elkarrizketak ikusteko. Tablatura beretzat nahi duenak, gainera, 1,99 euroan eros ditzake, eta ikasleek beren bideoak igo ditzakete, kantua jotzen ikasi dutela erakusteko.
Olatz Cuevas (Nøgen)
Aurrera begira, euskal talde gehiagorekin lan egin nahi du Motmok, baita Estatu mailara zabaldu ere, eta, esate baterako, Dupla eta Huntza taldeen kantu berriak kaleratzen diren egunean bertan egongo dira erabilgarri Motmon.
SARA ZOZAYA
Sara Zozaya da bideoetan bere kantuak nola jotzen diren azaldu duen artistetako bat. "Alien", "Lili" eta "Rosa" post rock kantu zoragarria nola jotzen dituen erakusten du donostiar musikariak Motmora igotako bideoetan.
Zer egin zitzaizun erakargarri Motmoren eskaintzatik, onartzeko?
Hainbeste informazio eta eduki dugun garai honetan, interesgarriak iruditzen zaizkit kalitatea eta balio erantsia eskaintzen dituzten ekimenak. Pertsonalki, aukera ona ikusten dut nire musika elkarbanatzeko.
Gainera, beste pertsona batek zure abestia jotzeak eragiten duen sentsazio hori izugarria da, eta plataforma honek hori eragin dezake pertsona askotan.
Zer izan duzu zuk faltan gitarra jotzen ikasteko prozesuan? Nola ikasi duzu zuk jotzen eta zer abantaila daude orain, zuk ikasi zenuen garaiarekin alderatuta?
Gogoratzen dut Googlen aurkitzen nituela gustuko kanten akorde eta tablaturak, eta horrekin ikasi nuen gitarra jotzen. Orain, Motmo ezagututa, gustatuko zitzaidan horrelako zerbait izatea hasi nintzen garai haietan, informazioa txukun izateko eta artista zuzenean ikusteko.
Sara Zozaya
Zure bideoetan zertan jarri duzu azpimarra? Zer gustatuko litzaizuke ikasleak aurkitzea zure bideoetan?
Gitarra jotzeko nire era sinplea da, eta uste dut hasi berri den jendeak eskertuko duela erraztasun hori.
Zer aholku emango zenioke musika tresna bat jotzen ikasten ari denari?
Teknikan baino gehiago musikaltasunean dagoela berezitasuna, eta oso ondo jotzeak ez duela balio, sentimenduen transmisioa ez badago.
Zein kanturen tutoriala gustatuko litzaizuke zuri eskura izatea?
Gogoratzen dut nola "Stairway to Heaven" ikasten ibili nintzen, tablaturak han eta hemen bilatuz, txikia nintzela. Horren tutorial txukuna polita izango zen.