Musika
Kantu berria
Tenpora, denboraren apetei egokitu beharrean
Natxo Velez | eitb.eus
“Berriro asma nazazu” lanaren argitalpena atzeratu behar izan du boskoteak ageriko arrazoien ondorioz, baina “Denborak badaki” kantu berria estreinatu du, bien bitartean, eitb.eus-en.
-
Tenpora boskoteak diskoaren argitalpena atzeratu behar izan du
“Zuk ez bultza; berez doa” kantatzen du Elene Arandiaren ahotsak denborari buruz, jazz doinuen eta entzulea zabuka ibiltzen duen bateria erritmo baten gainean, Harkaitz Canoren hitzak ahotan hartuta, “Denborak badaki” Tenpora boskotearen kantu berrian.
Aitzitik, gure hutsaltasunarekin kontrakarrean, denborak bai, denborak zernahi bultzatzeko ahalmena du, ezarian nahiz, oraingoan bezala, bristi-brasta. Denboraren lorratzean datozen nondik norakoek ezinbestean moldatzen dute herrestan eramaten duten oro, eta ezer ez da izaten noizbait izan zena denboraren zirimola geldigaitza igarotakoan. Koronabirusak eragindako egoerak kolkotik hartu du oraingoan jazzetik eta popetik edaten duen taldea.
Berriro asma nazazu Aitor Etxebarriak ekoitzitako disko berria, taldearen hirugarrena, grabatuta, letargia hasi behar izan dute, nahasketa prozesu betean zirela, Juantxo Zeberio Etxetxipia taldeko teklatu-jotzaileak azaldu digunez: “Taldearen asmoa zen apirilaren 23an diskoa aurkeztea eta ondoren aurkezpen kontzertuei ekitea, apirilaren 30ean Tolosan hasita. Ondoren, uda aurreko kontzertuak etorri behar ziren: Zarautz, Lezo, Iruñea, Etxarri... Momentuz, noski, kontzertu guztiak bertan behera geratu dira eta orain ari gara pixkanaka uda ondorenerako emanaldiak erreskatatu nahian”.
Urtarrilean hasi zen boskotea diskoa grabatzen, eta nahasketen azken txanpan harrapatu dute koronabirusak ezarritako itxialdi-isilaldi behartuek. “Ez atzera eta ez aurrera gelditu ginen, eta horrela daramagu azken zazpi asteotan, denbora ihesi nola doan ikusiz, pertsona ugariren tragediak sareen bitartez jarraituz, hainbat esparrutan jendeak egindako lan eskerga txalotuz, gure ongizatearen euskarri diren zerbitzu publikoen beharra inoiz baino gehiago aldarrikatuz, bizitza duin baterako musikaren eta arteen balioa ere aldarrikatuz eta egoera honek guztioi sortu digun egonezina nola kudeatu ikasi nahiz”, esan digu Zeberiok.
“Denborak badaki” kantu berria
Dena den, etenda gelditu den lan horren erakusgarri, Tenporak “Denborak badaki” kantua estreinatu du eitb.eus-en, berandu baino lehen iritsiko den diskoaren lagin gisa: “Denborak badaki kantuan Harkaitz Canoren testu jostariak dioen moduan, 'lorarik lora doan eta etxe barruan sartu zaigun' denbora arraro honetan Tenporaren makinaria ere gelditu da, eta irrikan gaude agertokiak berriro ere noiz zapalduko. Erdizka utzitako lanak bukatu eta uda ondoren diskoa behar den moduan ahal bezain leku gehienetan aurkeztea da orain gure helburu bakarra. Baina hori ere denborak esango du”, esan du Zeberiok.
Laster etorriko ahal da erantzuna!
DENBORAK BADAKI
Musika: Juantxo Zeberio Etxetxipia
Hitzak: Harkaitz Cano
Zuk ez bultza; berez doa.
Presarik ez,
alferrik da.
Orain, gero
eta beti
lorarik lora
doa denbora.
Orain geldo,
gero salto…
Izoztuta
ematen duela ere,
aurrerantza,
lorarik lora
doa denbora…
Arrastaka,
lau-zangoka,
zutik dago,
belauniko,
noranahiko…
Atarian
geratu den
uste hori duzun arren,
ustela da,
sartu zaizu,
etxe barruan da denbora.
Zuk ez eska,
berak eman…
Zuk ez galde,
hark erantzun…
Nahiz zuk ez nahi,
berdin zaio.
Nora arraio
doa denbora?
Bidali du
mezulari
isilena,
neskatxa bat
belarrira
xuxurlatuz:
"lorarik lora doa denbora…”.
Bat idortu,
bi erne;
atzo umo,
gaur maxkal.
Biak maite
itzazu:
idor dena (e)ta…
berdin kimu
leuna.
Errautsgai dira.
Orein baten
begiradan,
edo saien
mokoetan;
denbora da
brinkoz brinko:
ez hartu lo,
ez hartu lo…
Denborak badaki zu heltzen kolkotik.
Denborak badaki laztantzen altzotik.
Denborak badaki erditzen osotik.
Denborak badaki zu lotzen orpotik.
Denborak badaki ozpintzen gozotik.
Denborak badaki bihartzen atzotik.