Musika
15 abesti
Mobyk astelehenean kaleratuko du 'Destroyed' disko berria
Erredakzioa
"Azken musika biran hotelean goizaldeko lehen orduetan egindako abestiak dira, loezinak jota", azaldu du. Disko berriak artistak berak hartutako argazkiak ditu.
Astelehen honetan, maiatzaren 16an, kaleratuko du Mobyk disko berria. Destroyed izenburuko albumak 15 abesti ditu. Mobyk azaldu duenez, "200 abesti inguru idatzi nituen eta hautaketa bat egin ostean, 50ekin geratu nintzen eta azkenean, 15 aukeratu nituen". "Azken musika biran hotelean goizaldeko lehen orduetan egindako abestiak dira, loezinak jota", azaldu du New Yorkeko artistak.
Manhattaneko estudio batean grabatu du eta Mobyk berak hartutako argazkiaz osatutako liburu bat darama album berriak. Abeslariari argazkiak hartzea txikitatik gustatzen zaio eta hori dela eta, hamar urte dituenetik argazki kamara bat darama berarekin.
"Musika biren alde ezkutua erakutsi nahi nuen", azaldu du Mobyk, "jende askok uste baitu glamour beterikoak direla baina egia esanda, gogorrak eta arraroak omen dira". Argazki horiek, gainera, aste honetan bertan Mobyk New Yorken inauguratutako erakusketa batean daude ikusgai.
Uztailaren 20tik 23ra bitartean Biarritzen izango den Big Festival jaialdian zuzenean arituko da Moby. Halaber, uztailaren 19an Bartzelonan izango da eta uztailaren 29an Murtziako Electromar jaialdian.