Musika
Uztailak 24-28
Dirdira Donostian, Jamie Cullum, John Zorn, Joshua Redman eta Diana Krallekin
eitb.eus
Gipuzkoako hiriburuak Jazzaldiaren 54. edizioa hartuko du hilaren 24tik 28ra. Izen handiak eta pluralitatea ez dira faltako: Joan Baez, Joe Jackson, Dan Barrett, Silvia Perez Cruz, Belako…
-
John Zorn musikariak Donostiako Jazzaldia saria jaso eta Bagatelles Marathon kontzertua eskainiko du
Donostiako Jazzaldiaren eskutik, estilo horretako eta beste hainbat musika motatako doinu eta erritmo askeak nonahi zabalduko dira Gipuzkoako hiriburuan uztailaren 24tik 28ra. Publikoak gozagai izango ditu, hamaika agertokitan, jazzaren klasikoak (Dan Barrett, Charles McPherson Quartet eta Houston Person Trio…), proposamen garaikideagoak (John Zornen Bagatelles Marathon…), artista entzutetsuak (Jamie Cullum, Diana Krall…), euskal ordezkariak (Elkano Browning Cream, Jon Urrutia, Belako…) eta bestelako musikak (Joan Baez, Neneh Cherry…).
Uztailaren 24an, lehen jardunaldiak luxuzko kartela aurkeztuko du: Joan Baezek (20:45) eta Jamie Cullumek (23:30) Agertoki Berdea estreinatuko dute Zurriolan, eta, gainera, Ola Onabuleren eta Elkano Browning Creamen (Frigo eremua, 19:30ean eta 22:15ean, doan) eta Dan Barrett tronboi-jotzailearen kontzertuak egongo dira; azken hori, “jazzera gerturatzeko oso eskaintza aproposa”, Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariaren hitzetan.
Biharamunean, uztailaren 25ean, Victoria Eugenia antzokiak Unspeakable Garbage Moppa Elliott buru duen taldearen emanaldia hartuko du, eta Joe Jackson (Kursaal, 18:00etan) eta Maria Schneider konpositorea (Trinitate plaza) ere arituko dira egun horretan.
Asteburuan, programazioa indartsu hasiko da ostiralarekin. Eguerditik aurrera, Martiriok eta Chano Dominguezek “A Bola de Nieve” ikuskizuna taularatuko dute Victoria Eugenia antzokian. Gainera, bederatzietatik aurrera, Joshua Redmanek eta Unspeakable Garbagek kontzertu bana eskainiko dute Trinitate plazan, eta gauerdirako ordu erdiren faltan Neneh Cherry ikusteko aukera egongo da Agertoki Berdean.
Larunbatean, John Zorn musikari handiak, 2019ko Donostiako Jazzaldia saria jasoko duenak, Bagatelles Marathon ikuskizunaren lehen zatia eskainiko du, Kursaalen; Trinitate plazak Diana Krallen emanaldia hartuko du; eta Agertoki Berdean Nøgenen eta Belakoren proposamenez gozatzeko parada izango da.
John Zornek igandean aurkeztuko du Bagatelles Marathon ikuskizunaren bigarren zatia, eta egun horretan iritsiko zaie txanda, halaber, Houston Person saxofonistari (Victoria Eugenia Club, 12:30ean) eta Silvia Perez Cruz katalan abeslariari (Trinitate plaza, 20:00etan).