Musika
Jaialdiak
Brandford Marsalis eta Chucho Valdes, Getxoko Jazzaldian
Erredakzioa
Lee Ritenour, Dave Holland eta Aki Takas ere Getxoko jaialdiaren 35. edizioan izango dira, uztailaren 1etik 5era. Sarrerak maiatzaren 2an jarriko dituzte salgai.
Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak 35. edizioa egingo du aurten eta programazioa aurkeztu dute. Uztailaren 1etik 5era izango da eta Brandford Marsalik eta Chucho Valdes eta The Afro Cuban Messengers izango dira aurtengo izarrak. Gainera, Lee Ritenour, Dave Holland eta Aki Takase izango dira.
Kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 2an jarriko dituzte salgai.
Jaialdiaren lehenengo egunean Aki Takase pianista japoniarra eta bere taldea, New Blues Project, ariko dira. Biharamunean, uztailak 2, Lee Ritenour ariko da, egungo eszenaren jazz-fusion gitarra-jotzaile ospetsuenetako bat, hain zuzen ere.
Jazzaldiaren erdialdean, uztailaren 3an, Dave Hollanden boskotearen txanda izango da.
Uztailaren 4an, musika latinoa izango da erabateko protagonista, Chucho Valdés handia The Afro Cuban Messengers taldearekin etorriko da eta. Munduko piano-jole onenetarikoa da eta Kubako artista handien artean dago Valdés. Haurra zela pianoa jotzen hasi zen aitaren babespean, Bebo Valdés musikari handia, alegia.
Azkenik, uztailaren 5ean, asteartean, Branford Marsalisek amaiera ezin hobea emango dio aurtengo jazzaldiari. Saxo-jotzaile iparamerikarrak, Wynton Marsalis musikari ospetsuaren anaiak, 80ko hamarkadan hasi zuen jarduera profesionala eta Art Blakeyren Jazz Messengers taldean bere burua ezagutzera eman zuen.