Itxi

Musika

2019/20

Ezezagunaren bila eramango du EOSek entzulea datorren denboraldian

eitb.eus

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak berrogeita hamar kontzertu baino gehiago eskainiko ditu 2019/20 denboraldian, irailaren 27tik ekainaren 4ra.

1:41
OSE

Bidaia ezezagunean barrena izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berriaren izenburua, eta lehen kontzertu sortak, esaterako, ezkutuko programa bat izango du. Mikel Chamizoren obra bat estreinatuko dutela eta programaren protagonistak zein izango diren bakarrik jakingo dute entzuleek: Bilboko Koral Elkartea, Mojca Erdmann eta Treviño bera.

Robert Treviñok hirugarren denboraldiari ekingo dio 2019/20an, zuzendari titular gisa. Sei kontzertu-programa zuzenduko ditu, eta Orkestra Parisko Théâtre des Champs-Élysées agertoki enblematikora eramango du.

Elkano proiektua abian jarriko du EOSek: munduari egindako lehen biraren bosgarren mendeurrenaren oroitzan parte hartu nahi izan du orkestrak, bidaia horri lotutako bost obra alegorikoren enkargu eta estreinaldiarekin. Hiru denboralditan garatuko dute proiektua, eta lehen estreinaldia denboraldiaren lehen programan iritsiko da, Mikel Chamizoren obrarekin. Denboraldiko bigarrena Mikel Urquizarena izango da.

Irailaren 27an hasiko da

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 2019/2020 Abonu Denboraldia irailaren 27an hasiko da, Gasteizen, eta hiri horretan amaituko da 2020ko ekainaren 4an. Orkestrak hamarna kontzertu eskainiko ditu bere egoitzetako bakoitzean: Bilbon, Donostian (saio bikoitza), Gasteizen eta Iruñean. Guztira berrogeita hamar kontzertu baino gehiago emango ditu Abonu Denboraldiaren baitan.