Itxi

Musika

Mundubira

EOSek Elkanoren mundu bira gogoratuko du bost euskal konpositoreren eskutik

Agentziak | Erredakzioa

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bidaia horren zatietan oinarritutako bost partitura estreinatuko ditu 2022ra arteko abonu denboraldietan.

1:22
Mundubira proiektua

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) 'Mundubira musika bidelagun' proiektua aurkeztu du gaur, asteartearekin. Horren bidez, Juan Sebastian Elkano protagonista izan zuen lehen mundu biraren 500. urteurrena omenduko dute, eta bost euskal konpositoreri eskatu diete, hortaz, bidaia horren zatietan oinarritutako musika piezak sortzeko.

Bost konpositore hauek parte hartuko dute programan, estreinaldiaren dataren arabera ordenatuta: Mikel Chamizo, Mikel Urquiza, Joël Mérah, Teresa Catalán eta Zuriñe Fernandez Gerenabarrena.

Oriol Roch EOSen zuzendari nagusiak azaldu duenez, orkestrarentzat garrantzitsua zen “Elkanoren figuraren ikerketan laguntzea, betiere musikaren ikuspegitik”. Prozesu horretan, Robert Treviño orkestraren zuzendari titularra “Eresbil euskal musikaren artxiboan murgildu da, Elkano eta haren itsas bidaia gauzatzeko”, azaldu du.

Horren guztiaren emaitza da EOSek bost euskal konpositoreri beste horrenbeste musika lan sortzea eskatu diela, baldintza bakarra jarrita: bidaiaren zati ezberdinetan oinarritzea.

Orkestrak 2019/2020, 2020/2021 eta 2021/2022 denboraldietan estreinatuko ditu bost lanok.

Mikel Chamizok (Tolosa, 1980) ondutako lanak ‘Espedizioaren irteera, 1519’ du izena, eta udazkenean estreinatuko dute; Mikel Urquizak (Bilbo, 1988) ‘Hego Amerika’ konposatu du, eta 2020ko udaberrian estreinatuko dute; Joël Mérahk (Clichy, 1969), bestalde, ‘Ozeano Barea, Asia’ sinatu du, EOSek 2020an estreinatuko duena.

Horrez gain, ‘India, Afrika’ Teresa Catalanek (Iruñea) sortutako lana 2021eko udaberrian estreinatuko dute, eta, ‘Itzulera 1522’, Zuriñe F. Gerenagabarrenarena (Gasteiz, 1965), 2022ko udaberrian.