Itxi

Musika

Programazioaren aurrerapena

Diana Krall, Jamie Cullum eta Neneh Cherry izango dira Donostiako Jazzaldian

Agentziak | Erredakzioa

Hiru abeslari ezagunek hirugarren aldiz bisitatuko dute jaialdian. Aurten uztailaren 24tik 28ra ospatuko da.

  • Krall, 2013ko emanaldian.

    Krall, 2013ko Donostiako Jazzaldian eskainitako emanaldian. Argazkia: EFE

Donostiako Jazzaldiak 54. ediziorako baieztatuta dituen kontzertuak aurreratzen jarraitzen du. Donostiako Heineken Jazzaldiko arduradunek gaur jakinarazi dutenez, Diana Krall, Jamie Cullum eta Neneh Cherry abeslarien emanaldia izango da aurten (uztailaren 24tik 28ra).

Horrez gain, beste izen-abizen batzuk ere iragarri dituzte: Joshua Redman eta Donny McCaslin saxofoi-jotzaileak eta Maria Schneider konpositorea. Horiei guztiei urrian iragarritako beste izena erantsi behar zaie: John Zorn.

Diana Krall abeslari kanadarrak ondo ezagutzen du Donostia, 2013an eta 2016an ere kontzertua eskaini baitzuen Jazzaldian. Oraingo honetan Joe Lovano saxofoi-jotzailea  izango du ondoan, artista gonbidatu gisa. Robert Hurst kontrabaxu-jotzailea eta Karriem Riggins bateria-jotzailea ere izango dira taula gainean.

Jamie Cullum britainiarra ere aspaldiko ezaguna dute euskal jazz zaleek. 2009an kontzertu gogoangarria eskaini zuen, eta 2015ean hiru emanaldi ezberdinetan ikusi ahal izan genuen: DJ gisa hondartzan eskainitako emanaldi batean; pianoarekin, Kursaalen, eta talde osoarekin, Trinitate plazan.

Neneh Cherry hirugarrenez etorriko da Donostiara, 2007an eta 2012an egon baitzen. Oraingoan, "Broken Politics" (2018) diskoa aurkeztuko du.

Redman, McCaslin eta Scheider

Joshua Redman saxofonistak "Still Dreaming" lana aurkeztuko du Jazzaldian; Redmanekin batera, Ron Miles (tronpeta), Scot Colley (kontrabaxu) eta Dave King (bateria) izango dira.

Jazzaldiko zaleek gogoan dute oraindik 2007an Donny McCaslinek egindako esperientziaz betetako emanaldia, Steps Ahead, Gil Evans, Danilo Perez eta Dave Douglas talde edo abeslariekin ibilitakoa baita.

McCaslinek "Blackstar" lanaren, David Bowieren azken diskoaren, grabazioan parte hartu zuen, eta oraingo honetan omenaldia egingo dio Maria Schneiderrekin batera emanaldi beran izango baitira.

Kontzertuaren lehen zatia McCaslinen esku egongo da; bigarrena, ordea, Scheniderrek gidatuko du Ensemble Denada taldearekin batera. Hala ere, kontzertuaren bukaeran batuko dira "Sue (Or in a Season of Crime)" abestia interpretatzeko, abesti hori Schneiderrek idatzi baitzuen 2014an Bowierentzat. Bowiek, gainera, Grammy sari bat irabazi zuen abesti horrekin.

Schneiderrentzat Jazzaldira datorren lehen aldia izango da; konpositore ospetsua izateaz gain, jazz zuzendaria da, eta bost Grammy irabazi ditu. Agertoki gainean ez da bera bakarrik egongo, Norvegiako Ensemble Denada taldearekin izango baita. Ensemble Denada taldea Europako talderik berritzaileenen artean dago.