Itxi

Musika

Uztailak 17-21

Gasteizko Jazzaldia abian, funk doinuen erritmoan

Agentziak | Erredakzioa

Arabako hiriburuko jazzaldiaren 42. edizioa asteartean, uztailak 17, hasiko da, eta hilaren 21era arte ateak zabalduko dizkio Carla Bruniri, Hudson taldeari, Kool & The Gangi…

1:43

Dena prest dago Gasteizen uztailaren 17an, asteartearekin, hiriko jazz jaialdiaren 42. edizioari ekiteko, eta, horrela, aurten programazioan toki nabarmena hartu duen funk estiloaren doinura dantzan hasteko.

Aurtengoa, gainera, Iñaki Anuak 1979an hasi zenetik zuzenduko duen azken Jazzaldia izango da.

Mendizorrotzan asteartetik larunbatera egingo dituzten emanaldi nagusien egitaraua, ohikoa denez, gospel kontzertuak irekiko du. Aurten, Leanne Fainek eta Chicago horren taldeak eskainiko dute lehen kontzertua, 30 urtez mundu zabaleko agertokietan beren fedea harmonia bihurtzen aritu eta gero.

Hortik aurrera, aurtengo programazioak jazz proposamen ortodoxoagoak (Hudson Jack DeJohnette bateria-jotzailearen laukotea edo Mingus Big Band) eta berritzaileagoak uztartuko ditu, hala nola Gasteizko Ganbara Orkestrak eta Perico Sambeaten laukoteak jazza eta musika sinfonikoa batzen eskainiko duten emanaldia.

Nolanahi den, oroz gaindi, funkarekin lotutako afroamerikar artistak azpimarratu dituzte antolatzaileek aurtengo proposamenetik, AEBko musika beltzak azken hamarkadetan eskainitakoaren alderik ezagunetik hasi eta sustrai sakoneko doinuetaraino.

Gasteizko agertokitik Earth, Wind & Fire eta Kool & The Gang erreferenteak pasatuko dira, baita Cory Henry  & The Funk Apostles eta Brookliyn Funk Essentials ere, zeinek musika beltz dantzagarriena taularatuko baitute.

Bestalde, Carla Bruniren ahots gozo eta hauskorrak seguru asko jazzaren zaleak poztuko dituzten keinuak izango ditu klasikoen bertsioak joz, Mendizorrotzan hilaren 19an emango duen kontzertuan.

Principal Antzokian, jazz intimista eta akademikoagoa egongo da aukera: David Cid pianista Joel Frahm saxo tenorra, Avishai Cohen, Hayden Powell eta Fabrizio Bosso tronpeta-jotzaileak…