Itxi

Musika

Erietxean dago

Bertan behera, Enrique Morenteren emanaldiak euskal hiriburuetan

Erredakzioa

Joan den ostiralean ebakuntza egin zioten, eta gerora sortu zaizkion hainbat arazo direla-eta, bertan behera gelditu dira Donostiako, Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko kontzertuak.

Enrique Morentek datorren asteotan Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen aurreikusita zituen kontzertuak bertan behera gelditu dira. Joan den ostiralean ultzera ebakuntza egin zioten flamenko-kantariari, eta ebakuntza ostekoak hainbat arazo sortu dizkio.

Momentu honetan Madrilgo klinika batean dago Morente, zainketa intentsiboetako unitatean (ZIUn). Abenduaren 25ean 68 urte beteko ditu artistak, eta familia iturriek jakitera eman dutenez ''''egonkor'''' dago: ''''Bere kordean, esna eta tutuak jarrita'''', gaineratu dute.

El barbero de Picasso azken lana aurkezteko etortzekoa zen Morente geurera. Abenduaren 12an Donostiako Kursaal aretoan zuen hitzordua; hurrengo egunean Bilboko Arriagan, hilaren 15ean Iruñeko Gayarre Antzokian eta abenduaren 16an Gasteizko Principal Antzokian.

Bilboko Arriaga Antzokian ohar batean jakinarazi duenez, Arriaga Antzokiko leihatiletan eskuratutako sarreren zenbatekoa leihatiletan bertan itzuliko da. Beste salmenta-bide batzuk erabiliz erositako sarreren zenbatekoa, berriz, automatikoki itzuliko da ordaintzeko erabilitako bankuko kontura.