Musika
Mojo Workin'
Donostia, musika beltzaren erritmora mugitzeko prest
eitb.eus
Mojo Workin’ rhythm & blues eta soul musikei eskainitako jaialdiak Spencer Wiggins, La La Brooks (The Crystals), The Original Vandellas eta Little Jerry Williams hartuko ditu martxoaren 16an eta 17an.
-
La La Brooks ostiralean arituko da Donostian
Mojo Workin’ 2010etik urtero Donostiara AEBko rhythm & blueseko eta souleko musikari mitikoak ekartzen dituen jaialdiak bederatzigarren edizioa ospatuko du martxoaren 16ko eta 17ko asteburuan.
Lehen egunean, martxoaren 16an, Spencer Wiggins shoutern soul eta deep soul estiloetako heroia eta La La Brooks The Crystals taldeko kantaria arituko dira Gasteszena aretoan, The Individuals gehienbat Musikenetik irtendako 13 gipuzkoar musikarik osatutako taldeak lagunduta.
Hurrengo egunean, larunbatean, Little Jerry Williamsen (Swamp Dogg izenaz ere da ezaguna) eta The Original Vandellas ahots hirukotearen txanda izango da, berriz ere The Individuals taldea lagun.
Euskal taldeak
Aurten, berrikuntza gisa, jaialdiko arduradunek erabaki dute beren musikan preseski soul eta R&B doinuak jorratzen ez dituzten euskal taldeak gonbidatzea, behingoagatik musika beltzeko errepertorioa egin dezaten.
Edizio honetako talde aukeratuak bi iruindar izango dira: Los Jambos garage rock-and-roll taldea (ostiralean joko dute) eta Las Kasettes pop taldea (larunbatean igoko dira agertokira).
Liburua eta LPa
Bestalde, larunbat eguerdian, jaialdiari buruzko bigarren liburua eta jaialdiaren LPa aurkeztuko dituzte. Bi eguneko bonuak eta larunbaterako sarrera agortuta daude dagoeneko.