Musika
Uztailak 25-29
Chick Corea, Brad Mehldau, Caetano Veloso eta Maceo Parker, Donostiako Jazzaldian
eitb.eus
Gipuzkoako hiriburuko jazz jaialdirako sarrerak otsailaren amaieran jarriko dituzte salgai, eta Kenny Barron, Benny Green eta Cécile McLorin Salvant ere arituko dira, besteak beste.
-
Cécile McLorinek Grammy saria irabazi berri du. Argazkia: Mark Fitton.
53. Heineken Jazzaldiak sei izen gehitu dizkio duela hilabete iragarritako lehen zerrendari: Chick Corea, Brad Mehldau, Caetano Veloso, Kenny Barron, Benny Green eta Maceo Parker, Ray Charlesen Orkestra eta The Raelettes lagun dituela.
Antolatzaileen arabera, Chick Corea hiruko akustiko batekin iritsiko da Donostiara, John Patitucci eta Dave Wecklekin batera; Kenny Barronek, boskotearen buruan, heldutasun artistikoaren gailurrean dagoela erakutsiko du; eta Brad Mehldau bere ohiko hirukoarekin arituko da.
Horrez gain, Caetano Veloso hiru seme (Moreno, Tom eta Zeca) lagun dituela izango da Donostian, eta Maceo Parker saxofonistak Ray Charlesen orkestrarekin batera joko du. Benny Green, berriz, hirukoan arituko da.
Izen horiek aurreko iragarpenean emandakoei batuko zaizkie: Gregory Porter, Cécile McLorin Salvant, Carla Bley, Dave Holland, Michel Portal, Zakir Hussain, Jacob Collier, Bruce Barth, Julian Lage, Endangered Blood, Tom Ibarra, Iñaki Salvador, Marco Mezquida eta GoGo Penguin.
Cécile McLorin Salvant, grammyduna
Cécile McLorin Salvant ahozko jazzeko disko onenaren Grammy saria irabazita iritsiko da aurten Heineken Jazzaldira.
Sarrerak otsailaren azken aldera jarriko dituzte salgai.